Hobekuntzari garaipen batekin eman nahi dio segida gaur Realak

Sporting Huelvaren zelaian jokatuko du Gonzalo Arkonadaren taldeak. Hilabete da txuri-urdinek irabazten ez dutela

Leire Baños, Rayoko jokalariz inguratuta, aurreko igandeko lehian. J. URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Aurreko sasoian egin zuen erasoko joko bizia eta zuzena erakutsi ezinik dabil Reala. Kostata ari da Gonzalo Arkonadaren taldea. Hilabete pasatxo da txuri-urdinek ez dituztela hiru puntuak patrikaratu. Azaroaren 2an lortu zuten azken garaipena, Sevillaren zelaian: 1-2. Aurreko jardunaldian Rayoren aurka erakutsitako hobekuntza garaipen batekin biribildu nahi dute gaur, Sporting Huelvaren zelaian. Izan ere, aurreko denboraldian ere antzeko txakalaldi bat izan zuen taldeak garai honetan, eta Valentziaren zelaian 0-4 irabazi ostean, goraka hasi zen.

Hain zuzen ere, aurreko denboraldi onarengatik sariak eta aitortzak jasotzen aritu dira aste honetan txuri-urdinak. Asteartean jakin zen Urrezko Danborra jasoko dutela hockeyko taldearekin batera, eta asteazkenean Gipuzkoa Kirola saria eman zieten. Gaur, ordea, hiru puntuen saria nahi dute.

Izan ere, bana berdindu arren—Leire Bañosek sartu zuen gola—Realak partida ona jokatu zuen aurreko igandean Zubietan. Ate aurrean asmatzea falta izan zitzaion. Baina beste argitasun eta abiadura bat erakutsi zuen erasoan. Nahikari Garciaren itzulerak mesede egin zion. Barbara Latorrerekin batera jokaldi arriskutsuak sortu zituzten, ia lehia osoa atzean sartuta eman zuen Espainiako taldearen aurka. «Irabaztea merezi izan genuen, eta emaitzarekin ez ginen pozik geratu. Baina partida ona jokatu genuen, nahi genuen jokoa egiteko aukera izan genuelako. Bide horretatik jarraituz gero, ziur nago hemendik aurrera emaitza onak iritsiko direla», nabarmendu du Nerea Eizagirre jokalariak.

Gaur aurkariaren ate aurrean eraginkorrago izatea espero dute. Dena den, Sporting Huelva aurkari gaiztoa dela onartu du Eizagirrek, batez ere etxean. «Haien zelaia belar artifizialekoa da, eta kosta egiten da han jokatzea. Ez dira partida errazak izaten». Erdilariak argi du non egon daitekeen irabazteko gakoa. «Ezin gara haiek egiten duten jokoan sartu. Pase luzeekin aritzeko joera handia dute, eta aireko jokaldiei ere etekin handia ateratzen diete. Guk, berriz, gure jokatzeko era ezarri behar dugu: baloia lurretik mugituz eta jokaldiak landuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.