Txomin Nagore. Osasunako eta Athleticeko jokalari ohia

«Aldaketak aldaketa, betiko esentzia dute Athleticek eta Osasunak»

Gaurko partidan taldeen dinamikak erabakigarriak izan daitezke, Athleticeko eta Osasunako jokalari ohiaren ustez. Nolanahi, azpimarratu du derbiak «partida bereziak» direla eta edonork irabaz ditzakeela .

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
enaut agirrebengoa
Irurtzun
2016ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Futbola barru-barruan, odolean darama Txomin Nagorek (Irurtzun, 1974). Ez da gutxiagorako, hogei urteko ibilbide oparoa izan baitzuen profesionaletan. Urte horietan guztietan makina bat taldetan aritu zen, baina arrastoa soilik gutxi batzuek utzi zioten. Horien artean daude Osasuna eta Athletic. Jokalari profesional talde gorritxoan bilakatu zen, eta, gero, Athleticen, Lehen Mailan eta Europan aritu zen lehendabizikoz. Gaur, bizkaitarrak eta nafarrak aurrez aurre izango diren honetan, bihotza erdibiturik dauka: «Ezin naiz jarri bataren edo bestearen alde, biei baitiet estimu handia».

Nolako derbia espero duzu?

Derbi nahiko urardotua dela uste dut, Athletic ongi dabil, baina Osasuna estutasunetan dabil. Dinamika oso ezberdinak dituzte oraintxe bertan. Dena den, futbolean gauzak gauetik egunera alda daitezke. Teorian, Athletic faboritoa da, bolada onean dagoelako eta etxean jokatzen duelako. Alabaina, Osasunak ez du garaipena oparituko, puntu beharrean baita.

Beraz, agian derbia ez da hain urardotua izango...

Noski. Osasunak liga gaizki hasi du, baina derbiak partida bereziak dira. Bi taldeak garaipenaren bila irtengo dira. Athletic jakitun da Osasunaren egoeraz, baina ez dut uste lasaikeriaz jokatuko duenik. Ligari ongi ekin dio, baina sailkapeneko lehen postuetan irauteko, halako partidetan aurpegia eman beharra dauka.

Zure ustez, zergatik izan du Osasunak liga hasiera txarra?

Nire iritziz, Osasunak Lehen Mailan aritzeko moduko taldea dauka. Gertatzen dena da Bigarren Mailatik Lehen Mailara salto handia dagoela. Egokitzapena ez da erraza izaten, eta hori garbi asko ari da ikusten Osasuna.

Zer egin beharko luke talde bakoitzak derbia irabazteko?

Athleticen kasuan, etxean izan ohi duen kemena eta sendotasuna erakustea izango da gakoa. Eta Osasunaren kasuan, atzean irmo aritzea, zelaian ongi antolaturik egotea, eta baloiarekin ahalik eta gehiena gozatzea.

Bi taldeek golak sartuz gero, norenak ospatuko dituzu?

Lehenik, horixe nahiko nuke, gol askoko derbia izatea, taldeek ikuskizuna ematea. Eta, gero, esan beharra daukat ezin naizela jarri bataren edo bestearen alde. Jokalari gisa bi taldeetan ibilia naiz, eta biei diet estimu handia. Nire ibilbide pertsonalean asko eman didate.

Gaur egungo Athletic eta Osasunak zure garaikoen antz txikiaizango dute.

Asko aldatu dira, baina onerako. Oro har, futbolak bilakaera onaizan du. Orain, jokalarien prestakuntza askoz ere zorrotzagoa da, bai esparru fisikoan, bai psikologikoan. Hortaz, nire garaikoAthleticek eta Osasunak apenas duten zerikusirik gaur egungoekin. Hori bai, uste dut betiko esentziari eutsi egin diotela.

Profesionaletan, Osasunarekin egin zenuen debuta, Bigarren Mailan. Horra iristeak zenbaterainoko lana eskatu zizun?

Ezin daiteke zenbatu. Profesionaletara iristeak sufrimendu eta sakrifizio handia eskatzen du. Konstantzia handia behar da, eta zorte apur bat ere bai. Ni Osasunaren haztegian hazi eta hezi nintzen, eta ikaragarria izan zen lehen taldera iristea. Niretzat, amets bat gauzatzea izan zen. Baina, era berean, garai hartan kapitulu berri bat hasi zen nire bizitzan.

Orduko hartan, ez zenuen imajinatuko profesionaletan hogei urtez arituko zinenik.

Inola ere ez. Debuta 21 urterekin egin nuen, eta, pixkanaka, bizimodu berrira egokituz joan nintzen. Futbol profesionala ez da kanpotik ikusten den bezalakoa. Dena ez da polita; jokalarien bizkar etekina atera nahi duen putre asko dago. Egoera askotan oihan baten modukoa da. Eliteko futbolean irauteko, beharrezkoa da errealitate horri neurria hartzea.

Osasunan bi urtez aritu ondotik, Athleticera joan zinen. Zergatik?

Arrazoi ekonomikoengatik eta, batik bat, kirol arloko arrazoiengatik. Garai hartan Osasuna Bigarren Mailan zegoen; Athletic, aitzitik, Lehen Mailan, eta Europan jokatzen. Futbolari bezala erronka berriak nahi nituen, beraz, zalantzarik ez nuen izan.

Athleticen ere bi urtez aritu zinen. Taldea olatuaren aparrean zegoen, baina zuk ez zenuen jokatzeko aukera handirik izan.

Aintzat hartu behar da garai hartan maila handiko jokalariak zeudela: Alkiza, Larrazabal, Urrutia, Alkorta, Etxeberria… Horien artean lekua egitea oso zaila zen.

Hortik aurrera, batetik bestera ibili zinen, eta Numancian aurkitu zenuen zure lekua.

Bai. Han, denera, bederatzi denboraldi eman nituen: lehenengo bi, 1999 eta 2001 bitarte, eta, ondoren, zazpi, 2006tik 2013ra. Bigarren egonaldiaren aurretik, Levanten esperientzia pertsonal oso txarra izan nuen, eta Numanciak mesede bat egin zidan, kontratua eskainita. Azkenean, zazpi denboraldi eman nituen han, horietako bat Lehen Mailan. Numancia da nire kirol bizitzan garrantzi gehien izan zuen taldea.

Behin eliteari agur esanda, Hirugarren Mailan aritu zinen, Iruña taldean. Ezin futbola utzi?

Hala da. Futbol profesionala jada atzean utzita nuen, baina erronka hori begi onez ikusi nuen. Egia esan, esperientzia aparta izan zen. Taldekide gehienak ikasleak edo langileak ziren, eta sakrifizio handiak egiten zituzten. Batzuek, esaterako, gaueko txandan aritu behar izaten zuten, arratsaldean entrenatu ahal izateko. Hor ikusten duzu futbola zenbateko pasioz bizi duen jendeak.

Futbolari lotuta jarraitzen duzu.

Batetik, Xotako benjaminaurrekoak entrenatzen ditut; bestetik, Iruña taldeko bigarren entrenatzaile nabil. Nolanahi, nire bizitzan dena ez da futbola: Irurtzunen hotel bat daukat, besteak beste, Jorge anaiarekin eta Ruben Belokirekin batera kudeatzen dudana. Duela hamar urte ekin genion proiektuari, eta eraikinak oraindik zutik dirau, kar-kar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.