Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Ekonomia

Murrizketa gehiago zerumugan

Aurrekonturik gabe, Espainiak oso zail izango du BPGaren %1,3ko defizit xedea betetzea. Inbertsio sozialeko neurri batzuk hartu ditu Sanchezek, baina ez du astirik izan diru sarrerak handitzeko.

Pentsiodunen elkarretaratzea, Bilbon, joan den astelehenean. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Jon Fernandez.
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Moncloara sartuko den hurrengo presidenteak zain izango du mahaiaren gainean murrizketen karpeta gorria, Bruselak bidaliko diona. Espainiako Kongresuak asteon bota ditu atzera PSOEren gobernuak 2019rako aurkeztutako aurrekontuak, eta, ageriko ondorio politikoez gain, ondorio ekonomikoak ere izango ditu: besteak beste, aurten defizit publikoa dezente igoko da, ez du beteko Europako Batzordearekin 2019rako adostutako BPGaren %1,3ko defizit helburua, eta Bruselak austeritate neurriak eskatuko dizkio gobernuari, gastu publikoa txikitzeko. Hau da, murrizketa gehiago datoz, edo, Maria Jesus Montoro Ogasun ministroaren hizkera leungarrian esanda, «doikuntzak egin beharko dira, kontu publikoak koadratzeko».

Berez, aurrekontuak ez onartzeak ez du zertan eragin, automatikoki, deskalabru ekonomikorik edo defizitik. Espainia ez da aurrekonturik barik geratuko, 2018koak luzatuko baitira. Arazoa momentua da, noiz bota diren atzera aurrekontuak. Izan ere, Madrilgo gobernuak dagoeneko onartu zituen aurrekontuetan aurreikusitako gastu igoera handienak, baina oraindik onartzeko daude aurrekontuetan aurreikusitako diru sarreren igoerak. Beraz, ekuazioa argia da: gastuak handituta eta diru sarrerak handitu barik, defizita igo egingo da.

Montororen arabera, defizita BPGaren %2,4ra igo daiteke, oso urruti %1,3ko helburutik.

ONARTUTAKO NEURRIAK
Pentsioak, soldata publikoak eta gutxieneko soldata

Ia bederatzi hilabeteko agintaldian, eta 84 diputatu eskasekin 350 eserlekuko legebiltzarrean, Pedro Sanchezen gobernuak hamahiru lege eta 25 errege dekretu onartu ditu. Horien artean hainbat neurri ekonomiko, gehienak errege dekretu bidez. Neurri horiek dagoeneko indarrean daude, eta, beraz, bermatuta dago bere horretan jarraituko dutela.

Pentsioen igoera da neurri horietako bat. Pentsioak %1,6 igo zituen gobernuak urte hasierarekin, eta %3 gutxieneko pentsioak.

Funtzionarioen soldatak %2,25 igotzea ere onartu zuen gobernuak dekretu bidez, eta baita ere lanbide arteko gutxieneko soldata %22,3 igotzea ere, hilean 900 eurora arte —joan den abendura arte 735,9 eurokoa zen gutxieneko soldata—.

Hiru neurri horiek ez zeuden aurrekontu proiektuaren legeari lotuta, horregatik lortu zuten aurrera egitea eta indarrean sartzea. Era berean, onartu ditu beste neurri ekonomiko batzuk ere: besteak beste, IG ibilgailu gidaridunen sektorearentzako araudi berria, eguzkiaren zerga ezabatzea, eta langile autonomoen lege moldatzea.

Inbertsio sozialaren atala handitu eta gero deitu ditu Pedro Sanchezek hauteskundeak apirilaren 28rako, baina ez dio astirik eman diru sarrerak 5.654 milioi eurotan handitzeko aurreikusten zituen neurriak onartzeko.

BIDEAN GERATU DIRENAK

Zerga igoerak, menpekotasunaren laguntzak, trantsizio ekologikoa...

Onartutako legeen zerrendan agertzen direnak baino gehiago dira onartu gabekoen zerrendan geratu diren neurriak, eta horietako batzuk diru sarrerak handitzekoak.

Sozietate zergaren gutxieneko tasa %15era igo nahi zuen PSOEren gobernuak enpresa handientzat —20 milioi eurotik gorako fakturazioa daukatenentzat—, eta bi puntu jaitsi milioi bat eurotik behera fakturatzen duten enpresa ertain eta txikientzat —%25ean dago orain—. Halaber, errenta zerga igo nahi zien aberatsenei: bi puntu urtean 130.000 eurotik gora irabazten duten zergapekoei, eta launa puntu 300.000 eurotik gorako irabaziak dituztenei eta 140.000tik gorako aurrezkidunei. Neurri horiek, jakina, ez zuten eraginik izango Hego Euskal Herrian, foru ogasunek arautzen dituztelako zerga horiek.

Eragina izango zuen dieselaren zerga igoerak, indarrean sartu izan balitz, baina ez da horrelakorik gertatu; gobernuak gasolio litroa 3,8 zentimo garestitu nahi zuen. Halaber, emakumeen higiene produktuen zergak ez dira %10etik %4ra murriztu —konpresak eta tanpaxak, adibidez—.

Bidean geratu da, baita ere, menpekotasunen bat daukaten pertsonen senide zaintzaileei kotizazioa estatuak ordaintzeko asmoa, trantsizio energetikoa bideratzeko lege berria, eta langabezia sari guztiak agortuta dauzkaten langabeei laguntzak emateko adina 54 urtetik 52ra jaisteko proposamena.

AZKEN AUKERADUNAK
Hipoteka legea, lan erreformaren moldaketaeta pentsioen kalkulu berria

Helburu jakin batekin aukeratu du Sanchezek apirilaren 28a hauteskundeetarako. Data horrek aukera ematen dio automatikoki ez desegiteko Espainiako Kongresua eta Senatua. Martxoaren 5ean desegingo dira bi ganberak, eta, beraz, bi aste eta erdiko joko legegilea dago oraindik, dela lege gako batzuk onartzeko, dela hauteskundeetarako kanpainarako soslai sozioekonomikoa eszenaratzeko.

Aurrera egingo duela argi dagoen bakarretako bat Hipoteka Lege berria da. Datorren ostegunean eztabaidatu eta bozkatuko dituzte Kongresuan PPk kontrolatutako Senatuak legeari egindako emendakinak. Legeak aurrera egingo du beraz, baina erabaki beharko dute, besteak beste, ea bankuek euren gain hartuko dituzten etxebizitza erosteko krediturako gastu guztiak —tasazioarena izan ezik— edo ez.

Martxoaren 5era arteko epea geratzen dela jakinda, CCOOk eta UGTk presio egin diote PSOEri, lehenbailehen onartu ditzan sindikatuekin eurekin adostutako lan erreforma eta pentsioena. «Ez da ezinezkoa, borondate politiko kontua da», nabarmendu zuen atzo Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak.

Bi sindikatuek eta Sanchezen gobernuak dagoeneko adostuta dauzkate Mariano Rajoyren lan erreforma leuntzeko aldaketa batzuk: lan hitzarmen kolektiboen ultraaktibitatearen urtebeteko iraupena ezabatu eta mugagabe bihurtzea berriz ere, eta sektoreko lan hitzarmenei lehentasuna ematea, eta ez enpresakoei. Adostutako dekretuak ahal bezain laster onartzeko eskatu dute bi sindikatuek.

Bestetik, oraindik airean dago zelan gaurkotuko diren pentsioak datorren urtetik aurrera, KPIaren arabera, ala KPIaz gain beste faktore batzuk ere kontuan hartuta. UGTk eta CCOOk Sanchezi eskatu diote indargabetu dezala jasangarritasun faktorea dakarren pentsioen erreforma, eta jar dezala KPI erreferente bakar bezala.

Bi zerga berri sortzeko aukera ere badago martxoaren 5era bitarte: Tobin tasa —finantza trantsakzioen gainekoa— eta Google tasa —zerbitzu digitalena—. Bien tasen artean, 2.000 milioi euro biltzea espero du gobernuak. Bi tasen legeen tramitazioak aurrera jarraituko du datozen asteetan, baina onartuko balira ere, ez lirateke indarrean sartuko urte amaiera arte. Horrek esan nahi du zerga berri horien diru bilketak oso eragin mugatua izango lukeela 2019ko kontuetan, eta ez luketela lagunduko aurtengo defizit igoera konpentsatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.