Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Loreak nori?

2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Bai dela atsegina galderak ugaltzea, erantzunik ez dela dakigunean! Urte berrian, auzi zaharrak. Misterio bat fabrikatzen duenak sineskeran sakontzen du. Jakintzaren muga marratzen duenak egian aurreratzen du. Adimenaren alde konkaboak lausotasuna maiteago du argitasuna baino. Lausoan, iritzi amaigabea eman daiteke. Argitasunak dio gero hilezkor izango naizela pentsatzea bezain zentzuzkoa dela oraintxe naizela pentsatzea. Lausotasunak dio zentzua ez dela aldebakarra. Argitasunak dio: «Heriotzaz esan daitekeen gauza zentzuzko bakarra da benetakoa dela». Lausotasunak elementuak gehituko ditu, nahasketatik nahi den zentzua atera dadin.

— Orduan, zergatik jartzen dizkiezu loreak hilei?

— Nik ez diet lorerik jartzen hilei, neure oroimenari baizik.

Nire lagunik onenak oroitzapenak dira. Txarrenak ere bai. Saiatzen naiz lagun txarretatik aldentzen. Badakit armiarmek menperatuko nautela, baina bitartean, entretenigarri handia da amaraunak kentzea. Orduan, pentsalari guztiak oker al zeuden? Ba, garbi esanda, ez du hainbeste axola errakuntzak, dohatsua izan bada. Txoriak zure bulegoan habia egin badu, ez da zuri laguntzeko, zu hara ez inguratzeko baizik.

Egia izango da ni naizela «ni eta neure zirkunstantzia», baina ni, zirkunstantziatik at, oso ondo bizi naiz. Oso ondo, ahal dudanaren barruan. Ahal izan eta nahi ez dutenek, eurek jakingo dute zergatik. Egia izango da aberatsak ere dohakabeak direla, ezin baitiote utzi gehiago aberasteko amorruari. Baliteke haurtzaroa «inozentzia-aroa» izatea, baina inork ez du frogatu inozentzia inofentsiboa denik. Barruan ez daramagu haurrik. Haurra bera handitu da. Geroztik, eguzkia da nire bizia, baina ez da nire bizitza, ezin baitiot zuzenki begiratu. Nire bizitza ilargia da, beronengan islatzen baitira nire adin ezberdin guztietako begiradak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.