martxelo otamendi
Katalunia. Diada. ANALISIA

Birusa etxean

2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Triste dago Bartzelona, mundu osoko hiri turistikoak legez. Baina Bartzelonakoa tristura bikoitza: turistikoa eta politikoa. Soziala ahaztu gabe.

Kataluniako prozesua daCOVID-19aren biktima politikoetako bat. Baina hanka sartzeko arrisku handia hartuko genuke esango bagenu tristura politikoa COVID-19aren ondorioa bakarrik dela. Egia da atzoko Diadak oso bestelako irudia emango ziokeela hiriburuari pandemiaren erdian ez bageunde. Oso egun jendetsuak eta alaiak izan dira azken hamarkadako Diadak, zein baino zein arrakastatsuagoak. Horrelako mugimendu politikorik ez da izan munduan.

Diadaren tristura politikoak independentziazaleen artean dagoen giro txarrean du sorburua. Erabil litekeen espresiorik leunena da «giro txarra», hori baino larriagoa delako gertatzen ari dena. Urruti daude eragile politikoen eta sozialen arteko batasun giroa ikusita, manifestariek «Així sí, tots junts («Horrela bai, denok elkarrekin») oihukatzen zituzten garaiak. Bukatu da argazki haren bizialdia. Espainiako Estatuaren inteligentzia zerbitzuek ez zuketen hobeto diseinatuko gertatzen ari dena, gogora ekartzen diguna Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiak behinola egindako adierazpen profetikoa: «Ardura gaitezen Espainiaz, Kataluniaz katalanak kezkatuko dira eta». Testuinguru hartan, «katalanek hondatuko dute Katalunia», esan nahi zuen Aznarrek. Birusa daukate etxean, eta badakite.

Alderdi politikoekin lotura estua ez daukaten herritar independentziazale askok zur eta lur (nahi dena aukeratu: haserre, deprimituta, sututa, garai hobeen malenkoniak jota, aho bete hortz...) begiratzen diote alderdien arteko ezin eramanak sortu duen argazkiari. PDeCATen eta Junts per Catalunyaren artean dagoen lehiaren ondorioz, Quim Torra presidenteak gobernuko PDeCATeko hiru sailburuak kargugabetu ditu, eta haien ordez hiru Carles Puigdemontzale izendatu. Normalean, koalizio gobernuetan beste alderdiko sailburuak kaleratzen dituzte behin gobernuari eusten dion akordioa hautsita: Katalunian ez, Katalunian alderdi barruan dagoen istiluagatik kendu dituzte atzo artezerrenda berekoak zirenak.

Gogor ari dira elkarren aurka Junts per Catalunyakoak eta PDeCATekoak; hainbesteraino, ezen PDeCATekoek auzitara eraman baitute Puigdemontzaleek Junts per Catalunya marka beretzat hartu izana. Seguru da aurki izango diren hauteskundeetan nor bere aldetik joango dela, eta, borroka partikular horretan, bruseldarraren aldekoek irabaziko dutela; are gehiago denok espero bezala buruzagia, Puigdemont, presidentegaia baldin bada. CiUren bertsio modernoak historiara pasatzeko behar zuen azken sastakaia. Mataza harilgaitza egiten segitzeko, Kataluniako urkulluzaleek, PDeCAtekoen estrategia muturrekoa dela iritzita, alderdia utzi eta, Marta Pascal buru, PNC Partit Nacionalista de Catalunya sortu dute; CiU zenaren militante zentratuen eta boto emaile lasaien babesa jasoko dutelakoan.Ez batere harritu, igarriko dizkieten emaitza txarren aurrean, azkenean hauteskunde koalizioa osatzen badute PDeCATekin. Etxetik alde egin, aurrenekoan ostera ere etxera hurbiltzeko.

ERC etengabeko tentsioan bizi da, koktelera berean sartu dituelako Espainiako Gobernuarekin eduki nahi duen harreman ona alde batetik, eta Puigdemontekin daukan eta galdu nahi ez duen hauteskunde lehia bestetik. Penduluaren mugimendu hori,—erradikal gaur, kontsentsuzale bihar—, oso zaila egiten zaio alderdiko zuzendaritzari oinarri erradikalei azaltzea. Boto emaile eskuratu berriek, aitzitik,maite dute estrategia hori; ERC ez delako handitu erradikaltasunetik. Azken deialdietan ERCk irabazitako botoaren zati handi baten helburua Puigdemonten estrategia neutralizatzea da, alderdi lasaiago bat, ERC, indartuta.

Oriol Junquerasen alderdiak Espainiako Gobernuarekin abiatu berri duen negoziazio mahaiak balio diezaioke ERCri denbora irabazi eta egoera lasaitzeko. Baina, era berean, ERCkoek badakite mahai horretan ez dela lortuko alderdietako diziplinetatik kanpo dauden milaka eta mila independentziazaleak aseko dituen ezer. Marrubi jogurt horrek epemuga bat eduki beharko du, nahiz Espainiako presidente Pedro Sanchez ongarri sintetikoen bidez ahalik eta gehien luzatzen saiatu. Epea pasatakoan, marrubi jogurta zena osin irabiatua bihurtuko da alderdiarentzat, estrategia horrekin eszeptiko diren militante askok eta buruzagi batzuek «orain zer?» galdetuko diotelako zuzendaritzari. B plana prestatzen hastea hobe. Mahai hori lanean dela iritsi nahiko luke Junquerasek hurrengo hauteskundeetara, porrot eginda Puigdemontek.

Independentziazaletasunaren bi indar nagusien borrokak eragotzi egiten dio CUPi bere burua agertzea, eta egiten ari den lana erakustea. Borroka horren biktima izan liteke; ez, ordea, asmatzen badu eskaintza eraikitzailea proposatzen, asko baitira joko horrekin okituta dauden kaleko herritarrak. Ezker erradikalarennortasunari eutsita, lanerako esparru handia dauka CUPek prozesua hondoratzen ari diren alderdikeriak salatu eta irtenbide adostuak eskaintzen eta exijitzen. Politikaren lehen lerro publikora berriro itzuli, eta CUPen hautagaia izateko eskaera asko ari da jasotzen David Fernandez alderdi barrutik. Baita bultzadaere beste alderdietako jendearengandik. Hilabete hau bukatu baino lehenago argituko da.

Oso egun gutxi barru etorriko da Torra presidentearen erabateko inhabilitazioa hilaren 17an aztertuko du Espainiako Gorenak bere inhabilitazioaren helegitea— , eta haren ordez inor ez aukeratzea adostuta daukatenez alderdi independentistek, martxan hasiko da hauteskunde berrietara iristeko makina. Kortesiazko 10 egun Torraren ordezkoa topatzeko, gero beste 40 egun presidente berria aukeratzeko, eta gehiengoa daukaten alderdiek ez aukeratzea adostuta, presidentearen absentzian parlamentuko lehendakari Roger Torrentek sinatuko du hauteskundeetara deitzeko dekretua. Beste 54 egun. Hiru hilabete denera.

Eta boz horien ondoren, itxura guztiaren arabera, hasierako laukira berriro: ERCk, Junts per Catalunyak eta PDeCATek (+PNC?) osatutako gobernua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.