inaki petxarroman
Fidel Castroren heriotza. HABANAKO LEKUKOA

Taxi gidaria

2016ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Taxi gidaria da Kubara sartzean kanpotarrak gehienetan topatzen duen lehen pertsona, eta uhartera behin baino gehiagotan bidaiatzen duenak badaki ez direla isiltzen diren horietakoak. Alkandora zuri dotoreaz jantzita azaldu da Miguel Batista, eta ea taxia behar duen galdetu dio iritsi berri den kazetariari, terminaleko atetik irten bezain agudo. Bidaia luzearen nekeagatik eta Habanako Jose Marti aireportuaren ohiko kaosetik berehala ihes egiteko gogoz, baietz erantzun dio. Aireportuaren ohiko anabasaren berri eman dio, eta taxilariak erantzun dio laster frantsesek hartuko dutela Jose Martiren kudeaketa eta dena konponduko dela. «Zer moduz dena hemendik?», galdetu dio kanpotarrak, Fidel Castroren heriotzaren gaia lehenbailehen elkarrizketara ekarri nahian. Isiltzeko keinua egin dio, auto barruan hitz egingo dutela.

«Ezin da hitz egin ere, preso sartzen zaituzte bestela!», bota dio, autoan sartu eta berehala. Hau ere ez da Fidel zalea, pentsatu du bisitariak bere artean, esperientziak agintzen baitio taxi gidarien artean ez dituela Kubako Iraultzak jarraitzailerik fidelenak. Doluko bederatzi egunetan edari alkoholdunik ezin izango dela erosi, telebistan hiru egun daramatzatela bestelako albisterik gabe... Zabala du kexarako gaien agenda.

Iraultza plaza ondotik igaro da, eta biharamunean izango den ekitaldira joateko asmorik ote duen galdetu dio heldu berriari. Baietz erantzun dio kanpotarrak, eta Donald Trumpen inguruan hizketan hasi da orduan kubatarra. Eta, hastearekin batera, argi utzi du entzuleak lehendik ere bazekien gauza bat: hots, Kuban iraultza kritikatzen dutenak ez direla zertan AEBen zaleak izan. «Hark ikusiko du zer egiten duen; guk eutsi egingo diogu gureari!».

Euskaldunok zer moduz ote garen jarraitu du gero, ea independentzia lortuko dugun azkenean. Zer erantzun jakin gabe geratu da bisitaria: «Independentzia zaleak ez daude etxafuegoak botatzeko moduan»... «Katalanak hobeto, ezta?», jarraitu du irribarrez. «Bai, askoz hobeto»...

Hotelera iritsi eta agurtu ostean, espaloiaren bestaldean gizon mozkor bat txakur batekin hizketan ari da, negarti: «Fidel nire aita zen, arraioa!». Euria hasi du, eta jendea korrika abiatu da babes bila. Hotelean kazetari asko daudela ari zaio esaten langile bat besteari. Momentuak, jakina, merezi du hainbeste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.