Eutanasia

Eskatzea libre da; ematea, ez

Eutanasia ez da legezkoa, baina horren eskea ez da ezohikoa aurretiazko borondateen agirietan. Praktika legeztatzea ekar dezakeen lege bat bidea egiten ari da Espainiako Kongresuan.

Arantxa Iraola -

2019ko urtarrilak 25

Eutanasia hitza idatzita ageri da Maribel Tellaetxeren aurretiazko borondateen agirian, propio: inoiz legezkoa izango balitz eutanasia egiteko era nahi lukeela jartzen du. Iñaki Saralegi medikuak halako agiriak egiten paziente askori lagundu die, eta egitasmo ugari sustatu ditu agiri mota horiek hedatzeko ahaleginetan. Adierazi du hautu hori egiten duten herritarrak ez direla ezohikoak izaten: «Zenbaitetan ikusten dira halakoak». Eskakizun antzuak dira oraindik, ordea. «Egun, oraindik ere, legez kanpokoa da». Espainiako Zigor Kodearen arabera, delitua da: ez ditu propio aipatzen eutanasia eta suizidio lagundua, baina jardunbide biak zigortuta daudela argi uzten du kodearen 143. artikuluak. Eutanasia legeztatzearen alde dihardute DMD elkartean; halako aldarriak ozentzea garrantzitsua dela uste dute. EAE Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteko eleduna da Concha Castells. «Familia hori oso ausart ari da. Seguruenera, sendi asko daude egoera horretan; jendaurrean kontatzeak garrantzia du». Ataka berezian dator, gainera, eskea; Espainiako Kongresuan eutanasia legeztatzea xede duen PSOEren lege proiektua bidea egiten ari da, eta esperantza motibo da askorentzat. Iragan urriaren 25ean PPk aurkeztutako osoko zuzenketa atzera bota zuten gainerako talde politiko guztiek. Bakarrik geratu zen.

Propio aztertua du lege proiektua Saralegik, eta oraindik «fintzeko» aldagaiak dituela uste du. Alzheimerra eta antzeko eritasunak dituzten pazienteei begira, esaterako, zehaztapenak aparteko tentuz egin behar direla azaldu du. Erabakiak hartzeko gaitasuna galdua izaten dute eriek gaixotasunaren azken faseetan, eta, horregatik, pertsona horien eutanasia eskakizunak «arazotsuak» izan daitezkeela onartu du.

Eutanasia onartuta edo onartu gabe ere, aurretiazko borondateen agiriak ahalik eta zehatzenak eta osoenak izatea ezinbestekoa dela oroitarazi du Saralegik: «Oso garrantzitsua da, adibidez, diagnostiko berriak eduki ahala agiria moldatuz joatea». Alzheimerraren tankerako eritasunetan, esaterako, «lehen faseetan» gaixoek erabaki asko har ditzaketela adierazi du: oraindik horretarako gaitasuna galdu aurretik. Testuaren lehen proposamenaren arabera, gaixotasun«larri eta sendaezinak» eta «mendekotasun kroniko larriak» dituztenentzat arautuko da eutanasia; pentsatzekoa da dementziak dituzten erien eskeak sartu ahal izango direla hor, baina ezin da jakin oraindik zer lege esparru utziko duen. «Onartzen den testuaren araberakoa izango da». Alzheimerra dutenen eta haien senideen hainbat elkartek azaldu dute kezka: ez ote dituen kanpo utziko.

Eskubidea legeztatzearen alde dihardutenen arabera, nahi baino motelago doa Kongresuko bidea. Susmo txarrak hartuta daude. «Parlamentuko Mahaian, legea blokeatzen ari dira PP eta Ciudadanos», salatu du Castellsek. Voxen itzalak Ciudadanosen eragin eta prozesua geraraziko duen kezka dute. «Garai zailak dira».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna