Literatura. 'Azala erre'

Hausturen azalean

Idazlea: Danele Sarriugarte. Argitaletxea: Elkar.

Joannes Jauregi -

2018ko martxoak 25
Dikotomia interesgarria ekarri digu Danele Sarriugartek bere bigarren eleberrian: Erraiak izena zuen lehenak, eta orain, berriz, Azala erre dugu. Joko interesgarria, inondik ere, eta nobelan bertan islatua, hala edukian nola kontaeran: edukian, nobela hau ere gorputzean iltzatua baitago, larruazalean, erraietan gabe; kontaeran, aurrekoaren paragrafo luze eta zurrunbilotsuek bide eman baitiote estilo zatikatu eta ez hain zurrunbilotsu bati: kontaera azalekoagoa dela esan daiteke, nahiz eta oraindik ere badagoen gogoetak-eta modu nahiko kirurgiko eta ia obsesiboan lantzeko joeraren aztarnarik.

Baina, Erraiak-ekin konparatzeari utzirik, esan beharra dago, beste ezer baino lehen, Azala erre nobela postmodernoa dela, bertan kontatzen eta deskribatzen zaizkigun gai eta giroei dagokienez, alde batetik: arte lehiaketak, sare sozialak, itxurakeria eta estimazio beharra, gaur egungo gazteak (#kontzeptugisa)... Zurrunbilo horren erdian dago protagonista, artista gazte bat, zeinak nobelaren lehen lerroan aurkituko duen argumentuaren abiapuntua: «Estudiotik ateratzera zihoala egin zuen estropezu diruarekin».

Bestalde, eleberriaren edukiaz gain, kontaera bera ere postmodernoa da oso: eleberri zatikatua da, eta denbora-lerroan atzera eta aurrera egiten du etengabe. Hiru zati nagusitan dago banatua, eta horietako bakoitza, berriz, azpiatal laburretan, zeinak nolabaiteko serietan baitaude sailkatuta, data eta leku eta guzti. Horri esker, narrazioak parentesiak irekiz bezala egiten du aurrera, digresioari digresioa gehituz, eta irakurlea gai da digresio horiei aise jarraitzeko. Izan ere, argumentu nagusia xumea da oso; narrazio labur bat litzateke ia, betelana egiten duten digresio horiek gabe. Eta zentzurik positiboenean diot hori; izan ere, ipuin on baten biribiltasuna izateaz gain, aipatutako betelana oso era naturalean dago txertatua, eta ederki funtzionatzen du.

Inon hutsik bada (eta zalantza osoz diot hori), egituraketa orokorrean legoke; izan ere, badirudi arestiko kontaera postmoderno samar horrek —zeina hain ongi atxikitzen zaion istorioari— hiru ekitaldiko egitura nahiko klasiko batean kabitu nahi duela, non, besteak beste, argumentuaren ebazpena aski era tradizionalean bermatzen den hirugarren atalean (eta epilogo eta guzti!). Horrek berez ez luke arazorik —kontaera apurtzaile baten eta egitura klasikoaren arteko talkaz salbu—, baldin eta zati guztiak orekatuta baleude. Alabaina, atalen arteko desorekak nabariak dira, tonuan adina edukian, hasi liburu erdia hartzen duen lehen zati digresioz betean eta buka halako tonu katartiko batekin; tartean, berriz, hamar orriko zubi-lan bat: bigarren atal osoa. Litekeena da desoreka horiek propio sortuak izatea, atentzioa ematen baitute inondik ere; baina, berriro, zalantzazkoa iruditzen zait.

Nolanahi ere, ez dut uste desoreka horiek, nabariak izanagatik ere, kalterik egiten diotenik eleberriaren irakurketari, liburu gozagarria baita, gogoeta-pizgarria eta bizi-bizia. Azken ohar gisa, plazer bat da ikustea nola, postmodernotasun guztiaren azpian, haustura formal eta desoreka guztien bestaldean, oraindik ere badirauten artearen eta artistaren zentzuari buruzko itaun eta gogoetek; aski era klasikoan iraun ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna