PASARTEAK

2017ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Badakizu zer irakatsi nahi dioten zure semeari eskolan? Sexu doktrinamenduaren legeak liburuxka—gaztelaniaz dago idatzita— zabaltzen ari dira Hazte Oir elkarteko kideak, adierazpen askatasunaren aldeko manifestu batekin batera. Liburuaren azaleko marrazkia, hara: bi haur LGTBI mugimenduaren banderaren aurrean —ostadarrarena— agur faxista egiten, besoa gora igoa dutela. Azalean, ikur gorri baten gainean, ohartarazpen bat: Hau da zuk irakurtzea nahi ez duten liburua. 2. edizioa ei da. Liburuan LGTBI pertsonen eskubideen inguruan onartu diren legeen analisi aski kritiko bat egiten da. Hona hainbat pasarte:

«Berehala agerian geratu da legeon izaera totalitario eta jazarlea. Lege horien artikulatua horretarako erabilita, LGTB erakundeak hasi dira ahots kritikoen kontra egiten, eta jada lehen biktimak izan dira herritar libreen artean. Egun, herritarren oinarrizko eskubideak urratzen dituzten legeen ondorioz, mehatxatuta dago kontzientzia askatasuna; paradoxa bada ere, lege horiek talde politiko guztiek onartu dituzte askotan, demokrazian aurrekaririk ez duen prebarikazio ideologikoa eginez».

«Genero ideologiaren inposizioak eragina du ikasleengan, eta aisialdiko eremuetan ere doktrinamendua jasotzen dute. Guraso elkarteetara ere iristen da: sexu heziketako saioak sustatzen dira, eta bestelako familia ereduak normalizatzekoak; horiekin guztiekin, indartu egin nahi da adingabeen doktrinamendu prozesua».

«Ikasgelan eduki horiek zabaltzeak haurrak ez ditu hotz uzten. Umeak ez dira kaltebera horren aurrean; zentroetan ematen dizkieten edukiak barneratzen dituzte. Lehen Hezkuntzako ikasle honen marrazkiek [testuaren azpian daude, sexu bereko hainbat bikote ageri dira] erakusten dute nola izan diren dagoeneko umeak heziak ideologia berri horretan».

«Agerikoa da homosexualitatea sustatu nahi dutela; erraztu eta txalotu egiten da pertsonak homosexual bihurtzea, eta kontrakoa ukatu eta zigortu egiten da. Zertan oinarritzen dira legeok homosexualitatea bazter uzten lagun dezaketen metodo edo terapien amaiera dekretatzeko?».

«Legeok existitzen ez den oinarrizko diskriminazio bat ontzat ematen justifikatzen dira; tratu txarrei buruz distortsionatutako estatistikak dituzte oinarri, eta zenbaitetan, faltsutuak ere bai».

«Frankismoa homosexualitatearen etsai izan zela esanda, babes hesi bat ipintzen da lege horien aurka egin nahi dutenenkontra; aski tresna eraginkorra da hori haien sinesgarritasuna auzitan jartzeko, eta haien argudioak neutralizatzeko. Inork frankista dei ez diezaien, herritar askok uko egiten diete beren printzipioak jendaurrean defendatzeari; irentsi ere egiten dituzte gero pribatuan onartzen ez dituzten ideiak».

«Aniztasunaren errespetuaren aitzakiapean doktrinatze sozial erabateko bat estaltzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.