Loiuko atentatuaz

2014ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Joan den astean Bizkaiko Loiun gertatu den atentatuak eztabaidak piztu ditu Euskal Herri osoan, baita kanpoan ere. Duela kasik hiru urte ETAk alde bakarreko betirako su-etena aldarrikatu ondoren, are gutxiago ulertzen dute ekintza hori alde guztietako politikariek. Presoen hurbilketari dagokion ekintza hori kale borrokaren berrasieratzat jotzen dukete batzuek. Baina su-etena aldarrikatu aitzin gertatzen zenari aitzi, errebendikazio anonimo bat egin da webguneetan, telebistan eta prentsan. Baita azpimarratzekoa da ere alderdi guztiek egin dutenaz gainera, Ezker Abertzalekoek eta presoen aldeko batzordeek gaitzetsi dutela ekintza hori. Errebendikazioa anonimoa zela aipatuz, alderdi, plataforma, talde zein edozein mugimenduren lema edo izenik ez zuela ulertu behar da naski. Egoera horren aurrean bi interpretazio mota sor daitezke.

Lehenik, su-etena aldarrikatu denetik, Frantzia eta Espainiako gobernuek bake prozesuaren alde deusik egiten ez dutela oharturik, pazientzia galtzen zaien kontrolatu gabeko taldeek edo presunek egin izana gerta liteke. Horrelako ekintzek, naski, ez dituzte gauzak aurreratzen, eta indar politiko anti-abertzale eta anti-euskaldunek propaganda espainolista edo jakobinoa hedatzeko baliatzen ahal dute.

Bigarrenik, ausartuta dirudien arren, beste hipotesi bat litzateke talde anti-euskaldunek autobusak erre izana, abertzale guztiak, eta batik bat ezkertiarrak, politikoki arazo larrietan eta jazarpenetan ezartzeko maltzurki pentsatuta izatea. Orain arte Espainiako Estatuan nagusitasuna partekatzen ari diren alderdiek ezeroso ikusten dute beren burua Euskal Herrian borroka armatua edo kale borroka gelditzen delarik. Hala ohartu zen 1998. urtean lehen su-etena, baita luzeena ere aldarrikatu zelarik. 2006koaren kasuan, PPko kide batzuek aitortu zuten ETA askoz periltsuagoa zela bake aldietan borroka armatuaren garaietan baino. Nabari da horrela gertatzen dela, indarkeriarik gabeko aldietan alderdi abertzaleek indar eta batasun gehiago daukatelako eta banda armada batena izan baino, benetako arazo politikoa dela Euskal Herriarena. Hain zuzen ere, kale borroka berriz hasiko balitz, gertaera hauen irabazleak PP eta beste neurri batean PSE lirateke, bereziki udal hauteskundeak laster hasiko direla kontuan hartuta. Duela denbora gutxi kexatu dira Guardia Zibileko sindikatuak, Euskal Herritarren zati batek estatuko erakunde hori Euskal Herritik atera dedin nahi dutelakoan; haien ustez, ETA, su-etenak iraun arren, hor dago, ekintza armatuak berriz has ditzakeelakoan. Loiukoa bezalako ekintzek Guardia Zibila Euskal Herrian gera dadin zioren bat litzateke beraz. ETAren sasi mamua baliatzen dute hauteskunde kanpainetan alderdi espainolistek. Horretaz gainera, ohartu behar da uda honetan kinka larrian dagoela Espainiako nazionalismoa: Estatuko legegintzak dituen bide guztiak erabiltzen dituzten arren, paregabeko determinazioaz independentziaren aldeko erreferendumaren antolatzeko ez dute amore ematen Kataluniako abertzaleek; Durangotik Iruñerako giza katea; Etxarri Aranazkoarena ondoren, Bizkaiko Arrakundiagan independentziaren aldeko beste herri kontsulta bat antolatzen ari dira. Horrelako ekintza arrakastatsuen aurrean, ez liteke harrigarri Espainiako nazionalismoaren neurrigabeko erakustaldiak gertatzea. Hauetatik okaztagarriena Legion Condor-i egin dioten omenaldia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.