Zurietan zuri

Joxe Iriarte 'Bikila' - Alternatibako kidea

2017ko abuztuak 29
Zuria faltsua dela zioen Orixek. Izan ingurumen arloan, izan genero zapalkuntzaren arloan, nazkatua nago instituzio batzuei darien zurikeriarekin. Eguneroko ogia bihurtu zaigu gauza bat esan eta bestea egitea. Esate baterako, uda honetako jai guztietan: Jaia berdintasunean leloa entzun dugu ia udal guztietako arduradunen ahotik. Beraz, erbesteratu egin behar omen dugu gure jaietatik generoarekin zerikusirik duen edozein bortizkeria mota. Alabaina, diskurtso horrek ez du, dirudienez, zerikusirik Hondarribiko eta Irungo alardeekin gertatzen denarekin. Alegia, emakume izateagatik baztertua izatea herriko jaiaren ekimen garrantzitsuenean.

Askotan entzun dugu botere kontua dela generoen arteko indarkeria edo diskriminazioaren atzean dagoena. Botere ekonomikoa, fisikoa, psikologikoa eta kulturala. Irungo eta Hondarribiko herri tradizioaren inguruan gauzaturiko botere faktikoek oso argi ikusi zuten Alardearen auzian beren botere kulturala zalantzan jartzen zela eta, zoritxarrez, gurean ere hain errotua dagoen talde senaz baliatu ziren (horien artean baita emakume askorena ere) alarde parekidearen aurka era guztietako biolentzia motaz oldartzeko. Argitu iezadazue bestela urte guzti hauetan Alarde parekidekoak jasandakoa, biolentzia ez bada, zer arraio den. Arantxa Urretabizkaiari eta Ixabel Alkaini [joan den abuztuaren 20ko BERRIAn] egindako elkarrizketan eta, batez ere, Arantxaren azken eleberrian (Bidean ikasi nuena) azaltzen den guztia nahikoa froga bada.

Nik neuk, nire aldetik, bertatik bertara ikusi dut bi herrietako Alarde parekideen aldekoek sufritu izan dutena, gatazka sortu zenetik. Plastiko beltzarena icebergaren tontorra besterik ez da. Eta hori dena gertatzen da Hondarribiko eta Irungo udalen konplizitatearekin, eta Aldundiak bestaldera begiratzeko duen jarrerarekin. Irailaren 8an Hondarribiko alkatea ausartuko al da esatera sexu erasorik gabeko jaiak nahi dituela Alarde parekidekoek Ertzaintzaren zaintzapean desfilatzea behartuta jarraitzen duten bitartean eta, gainera, udalak bizkarra ematen jarraitzen dienean?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna