Berdinketa haustera

Bi aste eskas falta dira Munduko 1 Formula Txapelketa hasteko. Ikusgarri dator aurtengoa ere, Lewis Hamiltonen eta Sebastian Vettelen arteko lehiarekin. Begiz joa dute biek Juan Manuel Fangioren marka.

ALBERTO ESTEVEZ EFE.
Laurentzi Garmendia
2018ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Neguko autorik azkarrena ez da nahi ala nahi ez udazkenean txapeldun izango. Ferrarikoek ondo baino hobeto dakite hori. Iaz, urteko lanen erdiak eginda, txapelketa kontrolpean zuten. Australian Sebastian Vettelek irabazi zuen, eta hori bat zetorren aurreko asteetan Montmeloko zirkuituan ikusitakoarekin. Baina hamabi hilabete aurrera egin, eta azterketa ez da horren berehalakoa. Aurten are zailagoa da bestela ere ezkutuko elementu asko dituen analisia, Pirellik bi pneumatiko mota berri gehitu baititu. Aurrean hiru talde daudela esan daiteke, eta itxurazko faborito bat.

Egonkortasuna izan da ia zentzu guztietan: arautegian, gidarietan eta motorgileetan. Azken horretatik hasita, McLarenek eta Toro Rossok egin duten motor trukatzea da aipagarriena. Ingelesek Hondarekin zuen harremana eten zuten, hiru urte beltzen ondoren. Toro Rossoren Renault motorrek bultzatzen dituzte aurten McLaren autoak, zeinek papaia kolorea berreskuratu duten. Arlo horretan Red Bullen pare daude orain, baina azken bi asteotan huts asko egin dituzte Bartzelonan. Horrek guztiak agerian utzi du McLarenek berak eragin handia duela taldearen egungo krisian.

Toro Rossok, ordea, Honda motorrak hartu ditu, eta sendotasun txundigarria erakutsi du. Batetik, erakusten du Italiako talde txikiak moldaketa bikain prestatu duela, eta zalantzak sortzen ditu azken urteotan McLarenen eta Hondaren arteko elkarlanaren gainean.

Dagoeneko, agerikoa da McLaren ez dela sartu puntako hirukote horretan. Fernando Alonsok bigarren denbora egin zuen azken egunean, kasik itxaropen suziri bat botatzeko. Baina saio luzeetako denborek beste zerbait erakutsi dute: iazko hiru sendoenak lehen lerroan ariko dira aurten ere. Inork ezin izan du berdindu Mercedesek saio luzeetan erakutsi duen abiadura. Gertu izan dituzte Ferrari eta Red Bull, pauso bat atzerago. Bartzelona bere osotasunean denboraldiko zirkuituen erreferentetzat har badaiteke ere, pista bakoitzaren berezitasunek indarren oreka bataren edo bestearen alde joka dezakete.

Mercedesen sendotasuna

Mercedesekoak azken lau urteetako txapeldunak dira, eta ezin esan daiteke ezustea litzatekeenik aurten bosgarrena lortzea. Ez dute inoiz lokartu, ondo baitakite aurkariak ernai daudela. Iazko autoak bazituen ezaugarri batzuk zeinen ondorioz oso apetatsua zen egoera jakin batzuetan, gidatzen zaila. Hori leundu dute, baina, horrez gain, nabarmendu behar da alboratu ezin daitekeen aldaketari eman dioten erantzuna. Aurten, hiru motor unitate soilik erabil daitezke denboraldia osatzeko. Mercedesek ez du motor arazorik izan, eta unitate bakarrarekin osatu ditu neguko kilometro guztiak.

Hurrengo garajean da Ferrari, iaz hartutako diseinu ausartaren bidea harago eramanda. Autoa oso azkarra da zentzu guztietan, eta ez du aparteko akatsik. Baina italiarrek ez dute Mercedesek kontsumoan duen abantaila: horixe izan daiteke Ferrariren ahulezietako bat. Gainerakoan, oso itxura ona eman du, batez ere Sebastian Vettelek hartu duenean. Red Bullek ere oreka bera du. Iaz, kosta egin zitzaion denboraldiari neurria hartzea, autoa nahikoa heldu gabe baitzegoen. Azken lasterketek erakutsi zuten taldeak zer egin dezakeen motorrik indartsuena atzean izan gabe ere. Pole-rako lehian indartsuenak ez badira ere, lasterketaren erritmoa lehen mailakoa da.

Mercedes, Ferrari eta Red Bull parekatuta atera dira Bartzelonan egindako azken saioetatik. Orain, bi aste eskas barru, Australian azkarrena nor den ikustea falta da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.