Ez ginen lekuko izan, baina lekukoa hartu dugu

2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Hamabost urte falta ziren ni jaiotzeko 1978an. Baina German Rodriguezek orain daukadan adina izanen zuen, gutxi gorabehera. Txiki-txikitatik dut buruan uztailaren 8 guztietako omenaldia. Salbuespenik gabe, urtero joaten ginen German eta Joseba gogoratzera. Urteroko hitzordua izan da beti, tradizioa, kasik. Ez genuen ulertzen, beharbada, zergatik hil zuten German, zer gertatu zen urte hartako sanferminak suspenditzeko. Baina bagenekien poliziak hil zuela eta injustizia handia izan zela. Herri oso batek amorruz oihukatu eta negar egiten zuela uztailaren 8 guztietan.

Sanferminetan 1978an gertatu zena ez zen kasualitatea izan, bi urte lehenago martxoaren 3ko Gasteizko sarraskia ere kasualitatea izan ez zen bezala. Franco hil eta trantsizioa deitu dioten operazioa jarri zuen martxan espainiar estatuak. Helburua argia zen: estatu eta botere faktikoen egiturak aldatu gabe, demokrazia itxura ematea. Dena lotuta eta ongi lotuta.

Alderik alde, borrokek zeharkatzen zuten Euskal Herria. Langile mugimendua eta herri mugimenduak borborrean zeuden: greba orokorrak, antolaketa eredu berriak, mobilizazioak, kalea, aldarrikapenak... Zerbait ari zen sortzen, eraikitzen. Espainiak ezin zuen onartu. Lezioak emateko garaia zen. Eskarmentua handia izan behar zen. Fragak argi esan zuen 1976an: «La calle es mía». Hala erakutsi behar zioten Euskal Herriari.

Eta hala egin zuten. Gasteizen: «Gasead la iglesia. Cambio. Hemos contribuido a la paliza más grande de la historia. Cambio. Por cierto, aquí ha habido una masacre. Cambio.» (Eliza gaseatu. Txanda. Historiako jipoirik handiena ematen esku hartu dugu. Txanda. Bidenabar, hemen sarraski bat egon da) eta Iruñean: «Disparar con todas vuestras energías. No os importe matar». (Tiro egin zuen indar guztiekin. Ez diezazuela axola inor hiltzea). Planifikatutako erasoak, hildakoak bilatzera zihoazenak, lezioak ematera bideratuak. Lotuta eta ongi lotuta.

German kalean zeuden milaka gazte borrokalarietako bat zen, ez gehiago baina ezta gutxiago ere. Trantsizioaren iruzurraren aurka borrokatzen ari ziren haietako bat gehiago. 1978az geroztik, ez da inolako erantzukizun penal, politiko edo zibilik deklaratu. Ez da egia errekonozitu, ez da justiziarik egin, ez da inolako ordainik izan. Berezia da 2018a, 40 urte betetzen direlako eta ematen duelako behingoz pauso berriak emanen direla.

Gazte gisa, borroken lekukoa hartzeko ardura eta erantzukizuna dugula uste dut. 40 urteren ondoren, estatua inboluzio egoera batean dago. Erreformek, errepresio forma berriek ez dute etenik azkenaldian: Mozal Legea, adierazpen askatasunaren kontrako eraso eta espetxeratze-zigorrak, Kode Penalaren erreforma, Altsasuko gazteen kasua, 155. artikuluaren ezarpena, lan-erreformak, LOMCE... Garai hartako gazteek borroka egin zuten lehengo eta oraingo erregimenen aurka, eta orain ere pentsio duinen aldeko borrokan ari dira. Guri dagokigu lortutakoa atzera ez botatzea eta lanean jarraitzea. Ez da egunero borrokan jarraitzea bezalako omenaldirik egonen. German, Joseba, ez zaituztegu ahaztuko. Iraultzak loratzen jarraituko dugu. Ahanzturaren aurrean, gure memorian bizirik segitzen duzuelako, garaipeneraino!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.