1 Formula. Munduko Txapelketa hasiko da igandean

Indarrak ezkutuan

Ferrarik sasoi-aurre bikaina osatu du, baina benetako maila ezkutuan mantendu du. Lewis Hamiltonek berak aitortu du «gertu» dituztela, eta agian baita aurretik ere.

Laurentzi Garmendia
2017ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Munduko txapeldunak bereganatu ohi du beti 1 Formulako denboraldia hastear dela arreta gehien. Nico Rosberg, ordea, autoetatik urrun izango da asteburu honetan Australian, ikusle bat gehiago izango baita, erretiroa hartu ondoren. Haren tokia Valtteri Bottasek hartu du; bere bizitzako aukera du finlandiarrak.Lewis Hamilton izango du bere alboan, titulua berreskuratzeko goseak jota. Baina azken hiru urteetan Mercedesen motorra irabazteko bermea bazen, alemaniarrak ez dira lasai atera neguko probetatik. Ferrari izan da neguko txapeldun-a, isil-isilik.

Italiarrek arlo guztietan egin dute hobera, bai txasisean eta bai motorrean. FIAk motorren gaineko mugak arindu ditu, eta horrek aukera eman die aldaketa sakonak egiteko. Baina txasis aldetik ere besteen gainetik dauden itxura eman dute, itzuli azkarrak azken unean bertan behera utzita. Ez dituzte tituluak bete nahi izan, baina ezin izan dute ezkutatu auto bikaina eman diotela Sebastian Vetteli. Nahiko luke halako autoa Fernando Alonsok, baina McLaren-Honda bikotea krisian da. Japoniarrek ere motor berria egin dute, baina sekulako arazoak dituzte: bibrazio handiak eragiten ditu, eta autoa itzali egiten zaie bat-batean. Stoffel Vandoorne flandriarra ariko da Jenson Buttonen ordez.

Uste baino ahulago diruditenak Red Bullekoak dira. Adrian Neweyrengandik auto ikusgarria espero bazen ere, aurten kontzeptu garbia lehenetsi du, konplexutasunetik urrun. Lehenbizi, autoa ulertu, eta ondoren elementu gehiago erantsiko omen dizkio. Horregatik, Australian zein itxura erakutsiko duten zain daude Daniel Ricciardo eta Max Verstappen. Garaipenak beranduago iritsiko diren beldur dira biak ala biak.

HELBURU BAKARREKO ALDAKETA TEKNIKOAK: ABIADURA HANDITZEA

Itzuliko ia bost segundo azkarragoa izango den autoa egitea zen helburua, eta hauek dira horretarako hartutako neurriak.

1. Autoaren zabalera osoa 1.800 milimetrotik 2.000ra handitu dute. Hauxe da itsaspen mekanikoaren eraginik handiena, pneumatikoekin batera. Autoa zenbat eta zabalagoa izan, orduan eta handiagoa da gurpilen arteko distantzia, eta autoaren oreka hobetzen da bereziki. Gidariek asko eskertzen dute aldaketa hori, itsaspen aerodinamikoa baino garbiagoa baita. Hau da, abiadura guztietan eragiten du, ez abiadura altuetan soilik, eta, horrez gain, ez dio atzeko autoari kalterik eragiten, zurrunbiloek egiten duten moduan. Horrek autoen arteko lehia ahalbidetzen du, beste auto bati segika egitea kaltetu gabe. Autoak ikusgarriago ere bilakatu ditu aldaketa horre k, aurreko hamarkadetako zabalera berreskuratu dutelako. Desabantailaren bat topatzearren, esan daiteke autoak zabalago egiteak pista estutzearen pareko dela, eta Monako eta halako zirkuitu estuetan aurreratzea lehen baino zailagoa gerta daiteke.

2. Aurreko aleroia zabaldu dute: 1.650 milimetrotik 1.800era. Itsaspen aerodinamikoa handituko duen elementuetako bat da, nahiz eta bere eragina ez den horren esanguratsua. Autoaren lehen zatia da haizearekin kontaktuan sartzen, eta horregatik auto guztia inguratzeko haize fluxua baldintzatzen du. Ingeniarien lanordu asko eskatzen ditu, aleroi horien konplexutasuna asko handitu baita azken urteetan. Ikusi besterik ez dago duela hamar urteko aleroien itxura gaur egungoen aldean. Oso pieza garestiak bilakatu dira, urte osoan aldatuz eta hobetuz doazenak. Handiago izanda, lan gehiago bideratuko dute horretara.

3. Aurreko aleroiak gezi itxura du. Itxura hobetzea helburu duen aldaketa da, autoei izaera oldarkorragoa emateko.

4. Atzeko aleroia zabaldu dute: 750 milimetrotik 950era. Aldaketa aerodinamiko guztien artean, eragin handiena duena da difusorearekin batera. Autoaren atzealdea guztiz aldatu da aurten, eta atzeko aleroia ikusgarrienetakoa da. Zabalagoa izateak azalera handitu izana dakar berarekin, eta, ondorioz, indar aerodinamikoaren hazkundea.

5. Aurreko pneumatikoak %25 zabaldu dira: 245 milimetrotik 305era. Aurtengo pneumatiko berriak zabalagoak dira, eta, horri esker, aurreko gurpilek iaz atzekoek zuten zabalera kasik berdindu dute. Zabalkunde horri esker, autoaren norabide aldaketak errazagoak izango dira, baina, aldi berean, bolantea mugitzea zailagoa izango da. Bihurguneak azkarrago hartzeko aukera izango dute, eta horrek gidariari eskatzen zaion esfortzua handituko du.

6. Atzeko pneumatikoak %25 zabaldu dira: 325 milimetrotik 405era.Turbo motor berriak 2014an itzuli zirenetik, pneumatikoek zailtasunak izan dituzte indar guztia asfaltura behar bezala bideratzeko. Irrist egitea ohikoa zen, eta horrek pneumatikoa berotzen zuen, eta haren bizitza laburtu. Pneumatiko zabalagoek itsaspen hobea eta trakzio handitzea dakarte. Motorrak iazko berdinak direnez, gidariek ez dute hainbeste kezkatu behar pneumatikoak zaintzeaz, eta erasokor joka dezakete itzuli gehiagotan.

7. Txasisaren zabaleraren gutxienekoa eta gehienezkoa zehaztu dira. Nahiz eta taldeei txasisa zabaltzeko aukera eman zaien, gehienek txikitzea lortu nahi dute, aerodinamikaren abantailak erabiltzeko. Hori dela eta, FIAk gutxieneko zabalera ere ezarri du, eta taldeen autoetan ikus daiteke gutxieneko zabaleratik gertu daudela oraindik ere.

8. Atzeko aleroiaren garaiera jaitsi egin da: 950 milimetrotik 800era. Aldaketa horren eragina difusorearekin bat ulertu behar da. Izan ere, atzeko aleroia eta difusorea elkarlanean aritzen diren bi elementu dira. Orain arte bata eta bestea banatzeko neurriak zituen indarrean FIAk, baina aurten hartu duen bidea bestelakoa da; bien arteko erlazioa hobetu eta eragina handitzea. Itxura aldatu da, eta etzanago bilakatu. Aurreko aleroiak gezi itxura zuen; atzeko aleroia atzerago etzanaraziz, berriz, autoari beste itxura bat ematen nahi izan diote, etorkizuneko estetika delakoan.

9. Difusorea handiagoa da. Ezkutuan izan ohi den zatia da, duen eragin handiagatik. Difusoreak aleroi baten antzeko lana egiten du, baina autoaren azpialdean. Zenbat eta luzeagoa eta zabalagoa izan, orduan eta itsaspen maila hobea du. Aurten, autoen abiadura handitzeko, difusoreari ere neurriak handitu dizkiote.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.