Zientzia gizarteratzea helburu

Juan Ignacio Perez - EHUko Kultura Zientifikoko, Katedrako koordinatzailea

2015eko azaroak 17
Aske izatea ez da erraza. Egiazko aukerak egiteko ahalmena ukan behar dugu aske izan nahi badugu. Baina ez edonola. Aukerak ezagutu egin behar ditugu, bere aldeko eta aurkakoekin. Eta horretarako, ulertu behar dugu aukera horien funtsa. Baldintza horiek betetzen badira, aukerak egiterakoan hartzen ditugun erabakiak zuzen ala okerrak izan daitezke baina erabaki libreak izango dira.

Gure bizitzetan eragin handia duten erabaki asko hartzen ditugu. Manifestazio batera doanak, telefono-antenen aurkako aldarrikapen bat sinatzen duenak edo alderdi bati botoa ematen dionak erabaki politikoak hartzen ditu. Eta beste era bateko erabakiak hartzen dira produktu jakin bat erosten, tratamendu mediku bat (eta ez beste bat) aukeratzen, edo telebista saio bat ikusten denean. Bada, erabaki horietako askotan zientziak —zientzia-ezagutzak— garrantzi handia izan dezake. Hori dela eta, garrantzi handikoa deritzot zientzia ezagutzeari, herritar askez osaturiko gizarte askean bizi nahi badugu herritarrok oinarrizko zientzia-ezagutza eduki behar baitugu.

Hezkuntza-sistema da, noski, herritarron kultura zientifikoaren baldintzatzaile nagusia, baina ez da bakarra. Era askotako informazio- eta ezagutza-iturriak ditugu: familia bera, lagunak, lankideak, hedabideak eta abar. Kultura-igorleak dira horiek, bai eta kultura zientifikoarenak ere. Horregatik, garrantzi handikoa da zientzia gizartean egotea, herritarron eskura; azken batean, eskolan ikasitakoa urrun geratzen zaigu eta zientzia-ezagutza, gainera, etengabe ari da hasten eta ari da aldatzen. Hortaz, ondo funtsaturiko erabakiak hartu nahi baditugu, ezinbestekoa da zientzia-kultura jendeari helaraziko dioten tresna egokiak edukitzea.

Tresna horiek desberdinak izan daitezke. Egunkari, astekari edo bestelako prentsa, argitalpen tematikoak, telebista-saioak, irratsaioak, edo interneteko webgune espezializatuak dira batzuk, eta baita hitzaldiak, ekitaldi handiak, jardunaldiak edo topaketak ere. Hortaz, horren adibide egokia izan daiteke UEUk antolatu duen Natur Zientzien II. Topaketa. Duela urte pare bat antolatu zuen lehendabizi eta oso esperientzia interesgarria suertatu zen. Posterrak aurkeztu, hitzaldiak eman eta mahai-inguruak egin ziren. Eta noski, publiko zabalago batera irten ziren gehienetan laborategi, bulego edo hedabide espezializatuen barruan gelditzen diren ezagutzak eta eztabaidak.

Hori bai, zientziaz ari garenez, bermatu beharko litzateke zientifikoa dela aipatu ekitaldi edo topaketetan jorratzen diren edukien izaera. Hau da, zientzia-ezagutza izan behar da ekitaldion esparrua; beste era batekoak —ezagutza alternatiboak, herri-ezagutzak eta abar— esparru horretatik at geratu behar dira. Terapia alternatibo, nekazaritza biodinamiko, kreazionismo edo tenporak bezalako kontuetan interesatuta daudenek badituzte euren foroak, eta zientziaz aritzen garenok gure foroetan ez ditugu zertan barne hartu zientifikoki kontrastatu gabeak diren praktikak. Bestela jokatu bagenu, ez genioke mesederik egingo ekitaldi hauen helburu garrantzitsuenetakoa den zientzia gizarteratzeari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna