Inbertsiorik onena, heziketa

Resu Abasolo Gallastegi eta, Juana Lopez de Munain
2017ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Une onean gaude heziketaz eta irakaskuntzaz jarduteko. Bi gertaera plazaratu dira aldi berean horretara bultzatzen gaituztenak: batetik, dirudienez LOMCE ez dela aurrera joango jakitea eta, bestetik, PISAren danbatekoa. Horrek lege berri baten atarian jartzen gaitu?

PISAren danbatekoak hondatu egin du hezkuntza sistemaren ospea, eta gizarte zabala bera ere eskolari begira jarri du. Oihartzunak hezkuntzari buruzko usteak jo ditu. PISA (Ikasleen Nazioarteko Ebaluazioa) 72 lurraldetako 540.000 ikaslek egindako proba da. Guztientzako azterketa bera da eta, inongo testuingurutara propio egokitzen ez denez, agerian dago akatsak dituela. Hala eta guztiz ere, ikuspegi orokor bat ematen du eta baliagarria zaigu beste diagnostiko batzuekin alderatuta gure sistemaren erradiografia gardena egiteko eta, ondoren, sendabidea aurkitzeko.

Badakigu emaitzetan zenbatgarren geratu den EAE konpetentzia bakoitzean, baina badakigu zein tokitan kokatzen garen Hezkuntzan gastatzen den diru kopurua irizpidetzat hartuta?

Legebiltzarrean eta Kongresuan gehiengorik ez dagoenean, alderdi guztien ideiak, konpromisoak eta iritziak modelatu egin behar dira, guztiek onartuko duten iraupen luzeko lege bakar batera iritsiko bada. «Behin betikotasuna» ziurtatuko lukeen gutxiengo lege baten aurrean egongo ginateke eta «behin-behinekotasuna»gizarteak berak erantzun beharreko egoera konplexuetatik jasoko luke: familia-eredu desberdinak, hizkuntza eta kultura ugariak, teknologiaren abiadura geraezina, zientziaren garapena, filosofiaren pentsamenduak...

Danbatekoak gizartea eskolari begira jarri du, eta guk? Non jarriko dugu geure begirada? Elementu askotan, eta garrantzitsuak ugari, baina ezinbestekoa eta ordezkaezina bakarra: irakaslea. Platonek heziketa «miraria» zela zioen. Une honetan irakasleak ba al du nahiko bokazio, ilusio, grina, inplikazio, orientazio, formazio, baldintza, errekurtso... egunero «aire-aire» hezteko eta egoera konplexuetan arrakastaz jarduteko? Eta Berritzeguneak (Hezkuntzaren berrikuntzarako eta hobekuntzarako zerbitzuak) ba al dauka nahikoa esperientzia, birziklatze, atxikimendu, giza baliabide, material... aholkularitza egokia eskaintzeko? Eta Hezkuntzako Ikuskaritzak, legez egitekoen artean hezkuntza-sistema ebaluatzea duenak, ba al dauka plangintzarik eta beharrezko giza baliabide eta materialik sistemaren ebaluazioa «errigorez» egiteko? Eta behin eta berriz hutsune berdinak ez errepikatzeko? PISA ez dadila izan hezkuntza sistemaren argazkia egiteko informazio iturri bakarra.

Inoiz ez da nahiko Heziketan gastatzen den diru kopurua. Guk Jorge Wagensbergek dioena esaten diegu agintariei: «Heziketan inbertitzeak beti irabaziak dakartza, inoiz lapurtu eta galduko ez diren irabaziak gainera, eta onurak poltsikoan gordetzeko adinakoak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.