KRITIKA. Donostiako 81. Musika Hamabostaldia

Esekiduran

El Leon de Oro abesbatzako kideak, artxiboko irudi batean. DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA.
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun

El Leon de Oro

Zuzendaria: Marco Antonio Garcia de Paz. Egitaraua:Margarita Pretiosa: F. Guerrero, C. de Morales, T. L. de Victoria eta abarren obrak. Lekua: Donostiako San Telmo museoaren eliza. Eguna: Abuztuak 9.

Euskal Herrian errotuta dagoen kantu tradizioari esker, abesbatzek presentzia nabarmena izan ohi dute Musika Hamabostaldiaren programazioan, betiere ezohiko osasun egoera batek kontzertuen logistika eta plangintza aztoratzen ez baldin baditu. Aurtengo eskaintza murritz baina erakargarrian, hogei urtean esparru koralean nazioarteko erreferentzia bihurtu den El Leon de Oro entzuteko aukera izan zen Antzinako Musika zikloa itxi zuen kontzertuan.

Espainiako Errenazimenduko konpositore handienen zein ez hain ezagunen a cappella eliz-musikak bat egin zuten Margarita Pretiosa programan. Urrezko Mendean piztu zen abesbatza-polifoniak ahots-exijentzia handiko obrak sortzen ditu, eta gutxi izaten dira errepertorio hori interpretatzera ausartzen diren taldeak. Beraz, garai honetako musika eta konpositoreak aurkeztea bera bada goraipatzekoa. Sarreretan tarteka tenorren emisio lauak desoreka txikiak ezartzen zituen arren, harmonia eta lerro garbiak zabaldu zituzten Jaen, Malaga eta Sevillako kapera-maisu izan zen Francisco Guerreroren motete eta meza zatietan. Agogikaren lanketa finagoaren faltan, Mariaren kantaria ezizenez ezagutzen zenaren Magnificat quarti toni interpretazioa ia akasgabea suertatu zen. Hainbestetan lantzen ez diren konpositoreen artean, Malagako kapera-maisu postuagatik Guerrerorekin lehiatu zen Juan Navarroren Laudate Dominum piezan ñabardura ederrak agertu zituzten.

Urrezko Mendeko bi izen handiren Regina caeli antifonek itxi zuten programa. Guerreroren irakasle izandako Cristobal de Moralesena, bata; Aita Giovenale Ancinaren hitzetan «Indietan ere ezaguna den» Tomas Luis de Victoriarena, bestea. Azken hori kalitate gorenekoa izan zen. Musukoen eta beroaren gainetik, asturiarrek dinamika luzeez, soinu trinkoaz eta afinazio bikainaz egin zioten aurre San Telmo museoko elizak duen bost segundo baino gehiagoko erreberberazioari, esekiduran geratzen den hautsaren antzera espazio zehaztugabea betez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.