Martxel Toledo Garmendia.

Existitzen al da 'kirolbullying'-a

2017ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Jakin arren gaia oso arantzadun, irristakor eta subjektiboa izan daitekeela galdera gisa, nire ezjakintasunetik abiatuta barruan aspalditik daukaten zalantza bat botako dut: alegia, kirolean ere bullying-a edo antzeko zerbait existitzen al da? Edo beste modu batera esanda, bertan egon daitezkeen bazterketa kasuak eta horrek adingabeetan sor ditzakeen frustrazio hori nola identifikatu edo kalifikatu ? Adin txiki eta ertainekoen artean, taldea osatzeko garaian, entrenatzaileak edo taldeko arduradunek, batzuetan subjektibotasun parametroetan oinarrituta gainera, onak eta txarrak bereizteak adin txikiko neska mutiko horiengan sor ditzakeen zapuzte sentsazio negatibo horretaz ari natzaizue.

Adituak diote bullying-a fisikoa, hitzezkoa edo psikologikoa izan daitekeela eta, batik bat, adin txikietan ematen dela. Bullying-a eskolako jazarpenarekin lotzen da, gehienetan mundu horren eremuan gertatutako kasuak ezagutzen direlako. Baina, nire ustetan, eremu horretatik kanpo ere gerta daitezke neska edo mutil batek bere barruan sentitu ditzakeen frustrazio sentsazio negatibo horiek.

Horregatik diot, indarrezko jazarpen zuzena ez pairatu arren, gehienetan berarengan sortzen duen eragin psikologiko negatiboa kontuan hartuta, kirolbullying-a ere parametro mingarri horietatik gertu kokatu beharko litzatekeela pentsatzeko arrazoiak egon badaudela.

Alde horretatik, eta kirolzalea izateaz gain guraso naizen heinean, egoerahori gertutik ezagutzeko aukera izandut, eta, lehia dela medio, adin horietakoen bizipenak eta frustrazioak gertutik sentitzeko ere bai. Horregatik pentsatzen dut, nire burutaziotik haratago doanzerbait izanik, guztiei zer pentsarazieman behar ligukeela, finean, askotan, nahi gabe ere, gure neska-mutikotxikien sentimenduekin jolasten ari garelako.

Badakit, bai, bizi garen mundu konpetitibo honetan eta lehiak lehentasuna duen heinean, adin txikikoek pairatzen duten jazarpen eta presio hori desagertzea ia ezinezkoa dela. Baina uste dut denon onerako ezin dugula ostrukarena egin eta beste aldera begira gelditu. Gutxienez, onartu beharko genuke, gure inguruan ere eta forma ezberdinetan, antzeko gertaerak izan daitezkeela, eta beste kasu batzuetan gaitzetsi egiten baditugu, kirol munduan ere, berdin egin beharko genukeela, besteak beste, lakra hori erradikatzea, bakoitzaren konpromisoa izateaz gain, neska-mutiko horien onerako ere badelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.