Rober Gutierrez.

Aktiboak

2017ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Otsailean, Kike Amonarriz izan genuen Gasteizen, Udalak antolatutako #GasteizenBai merkatari eta ostalarientzako kanpainaren barruan. Gasteiz euskararen biziberritzearen ikur ere izan daitekeela iradoki zigun... ez baita egongo, ziurrenik, Europa osoan hizkuntza bat halako tamainan biziberritu duen beste hiririk. Balizko konplexuak uxatzeko moduko adierazpena, zalantzarik gabe. Hala ere, enpresa munduan edo komertzioaren eta ostalaritzaren esparruetan egoera bestelakoa da oraindik, Gasteizen ez ezik, gainerako hiri eta herrietan ere.

Merkatari eta ostalarientzako hitzaldia izan zen... Euskarak merkataritzari eta ostalaritzari ematen dion balio erantsiaren ingurukoa, euskarak balioa eransten baitio lurralde honetako arlo sozioekonomikoari. Euskaraz komunikatzeko gaitasunak bide berriak irekitzen baititu, eta hori nabarmendu beharra dago. Merkatu irizpideen arabera, euskara lagungarria da posizio hobea irabazteko garaian, bezeroekiko gertutasuna bermatzeko, bezero kopurua handitzeko eta fidelizatzeko, merkatu berrietan sartzeko edo-eta etekinak areagotzeko; produktu eta zerbitzuak lehiakorrak eta kalitatekoak izango badira, bere hizkuntzan eskaini behar zaizkio bezeroari, harreman-hizkuntza berak hautatu behar baitu.

Ikusi dugun bezala, kanpora begira, euskararen ezagutza eta erabilera garrantzitsuak dira. Barrura begira ere, inportanteak dira: enpresa, saltoki eta era guztietako entitateen barne kohesioan, lantaldearen motibazioan, funtzionamendu egokian, pertsonen formazioan eta inplikazioan zuzeneko eragina baitu euskarak. Talde indartsuagoak, inplikatuagoak eta konprometituagoak sustatzen ditu, gure erakundeak indartsuago egiten ditu, eta merkatuan hobeto posizionatzen laguntzen du. Euskara gertutasunaren, konpromisoaren, inplikazioaren, konfiantzaren eta bizikidetzaren adierazgarri da.

Argumentarioa luzea eta ustez sendoa bada ere, askori, oraindik, kosta egiten zaie jabetzea euskara baliatu dezaketen aldagai garrantzitsua dela edo izan daitekeela euren negozioetan. Beste hainbat balio bere egiten dituzten bezala, hizkuntzarena ere barnera dezakete, baina, askotan, hizkuntzaren irizpidea albo batera uzten dute, eta ez dute erantzukizunez jokatzen. Desoreka handia dago. Oraina eta etorkizuna euskaraz datoz, eta gehienek ez dute horretara egokitzeko imintziorik egin. Erantzukizunez jokatzeak esan nahi du, besteak beste, bezeroekiko harremanetan euskaraz aritzeko bitartekoak jartzea eta bertan lanean ari diren pertsonei lana euskaraz garatzeko eskubidea bermatzea. Gure lurraldean, gure hiri eta herrietan aritzen diren enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek hizkuntzaren irizpidea aintzat hartu eta arduraz aritu beharko lukete. Baina, zoritxarrez, ez dute horrela jokatzen argudio-zerrenda edozein limurtzeko modukoa izan arren. Zergatik ote? Politika, lege eta laguntza eragingarrien gabezia dugulako? Argudioak ez direlako hain eragileak? Euskararen erabilera sustatzen ari diren entitateak tresna eta laguntza egokiak eskaintzen ari al dira? Gure kontsumo harremanetan hizkuntza aldagai funtsezko eta ezinbestekoa al da? Produktuak eta zerbitzuak erakargarriak al dira euskaraz eskainiz gero? Merkatuak euskara ere erabiltzera bultzatzen al ditu enpresa, saltoki eta entitate horiek? Kontsumitzaileok eta erabiltzaileok eragiten al dugu? Baietz esango nuke, eta hizkuntza ohituretan eragiteko aktibazio-esperientziak bideratzen ari dira horren erakusgarri. Kontsumitzaile aktiboen sareak sortzen ari dira. Euskarazko harreman eta kontsumo sareak egituratzen eta indartzen ari dira hainbat tokitan. Euskara erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari diren establezimenduak identifikatzen ari dira (Bai Euskarari-ren bitartez, esate baterako), eta horietan kontsumitzeko deia egiten da. Praktika egokiak eta eredugarriak eskaintzen ari dira...

Garrantzitsua da, nire ustez, pertsona edo herritar aktiboaren rola: lehenengo hitza euskaraz eginez, ulertzen dutenekin euskaraz arituz, euskara baliatzen duten eta euskaraz egiten den negozioetara hurbilduz eta gainontzekoei ikusaraziz euskara lehentasunen artean jartzea komeni zaiela. Gure kontsumo ohituren bidez gaia eta kezka azaldu eta partekatu behar ditugu. Orain arteko kontsumo ohiturak eta inertziak alde batera utzita, azaldu behar dugu zein garrantzizkoa den guretzat euskaraz kontsumitu ahal izatea. Eta, horretarako, aldaketa soziala eragiten lagunduko duten pertsona kontsumitzaile aktiboak beharrezkoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.