Gernikako Udalak babestu egin du GEDek larunbatean egingo duen adierazpena

EAJk eta EH Bilduk Kataluniako iazko erreferenduma aintzatetsi dute, eta erabakitzeko eskubidearen zilegitasuna azpimarratu

Junts Per Catalunya, ERC eta CUPeko parlamentari batzuk, larunbateko ekitaldiko afixekin. GURE ESKU DAGO.
jokin sagarzazu
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpen bat onartu zuen atzo Gernika-Lumoko Udalak (Bizkaia) aho batez —EAJk eta EH Bilduk osatzen dute udalbatzarra—. Gure Esku Dago dinamikak (GED) eginiko proposamen baten gainean landu dute testua bi alderdiek, eta udalerritik haratago hedatu eman nahi diote GEDekoek. Gernikakoa eredu izatea nahi dute, Euskal Herrira eta kanpora begira. «Gernika-Lumo gure sinbolo da, baina etorkizun askea gura duten beste hainbat herrirentzat ere erreferente da», dio adierazpenak. GEDekoek ez dute baztertzen antzekoak sustatzea beste instituzio batzuetan.

Funtsean, larunbatean Gernika-Lumon egingo duten ekitaldian plazaratuko duten mezuarekin bat egin du udalak. Hiru ideia helaraziko dituzte han: Kataluniako prozesu subiranista babestea, erabakitzeko eskubidearen zilegitasuna nabarmentzea, eta Eskozia eta Kataluniarekin batera Euskal Herria eskubide hori gauzatu nahi duten herrialdeen artean kokatzeko nahia agertzea.

Erabakitzeko eskubidea demokraziaren oinarri gisa irudikatu nahi dute. Udalak onartutako adierazpenak izenburu hau du: Askatasuna erabakitzea da. Ideia horixe aipatzen da hirugarren puntuan: «[...] Erabakitzeko eskubideari tresna egoki eta legitimo iritzi diogu. XXI. mendean, askatasuna eta erabakia elkarrekin doazen kontzeptuak dira. Askatasuna erabakitzea da. Eta demokrazian, erabakia da askatasun eta burujabetasun maila handiagoak eskuratzea».

Testuak bost puntu ditu denera, eta, Katalunian iaz eginiko erreferendumaren balioa «aintzatestearekin» batera, Euskal Herriaren estatus juridiko eta politikoa aldatzeari buruzko galdeketa bat egiteko nahia agertzen du oinarrian. Honela dio laugarren puntuak: «Proiektu politiko ezberdinak, bereizketarik gabe, onartzen dituen demokrazia aurreratua nahi dugu. Horretarako, herritarren borondatea adierazteko tresnak jarri behar dira martxan. Gernika-Lumoko Udalak hurbileko etorkizunean kontsulta demokratikoa burutzeko gogoa adierazten du, berme juridikoak izango dituena eta gure herriaren etorkizun-politiko kolektiboa modu askean eta demokratikoan gauzatzeko aukera emango duena».

Ekitaldi «historikoa»

Iazko urriaren 1ean Katalunian eginiko autodeterminazio erreferenduma oroitzeko asmoz GEDek larunbaterako Gernika-Lumoko Astra kulturgunean (17:30ean) egingo duen ekitaldi «berezi eta historikora» begira egin du adierazpena udalak; modu horretan, bat egin du mobilizazioarekin eta parte hartzera deitu ditu herritarrak. Gauza bera egingo dute gaur hainbat eragilek.Kataluniako Junts Per Catalunya, ERC eta CUP alderdietako hainbat parlamentarik ere bat egin dute ekitaldiarekin. Azken aste eta hilabeteetan Kataluniako eragileekin harremanetan izan dira GEDekoak; hango prozesuaren orain artekoak eta etor daitezkeenak aztertu dituzte, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.