Pastor
DARWIN ETA GU

Hil da Olentzero

2018ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
New Jerseyko irakasle bat eskolatik bota dute umeei Santa Claus, Bizarzuri, gezurretako pertsonaia dela jakinarazi dielako. Bizarzuri benetakoa dela idatzi du ume batek, eta irakasleak zuzendu. Noiz eta Eguberrien bezperan. Pazkoko Untxia, Perez sagutxoa eta beste ere asmakeriak direla adierazi du andereñoak. Gezurra. Edo, oraingo terminologia erabiliz, fake news. Santa Claus, Easter Bunny, Tooth Fairy... they all are fake news, my sweet kids. Halaxe. The fucking Santa is a fake esatea besterik ez zuen behar.

Irakaslea ordezkoa zen. Bazeramatzan bi urte Montville aldean, 20.000 bat biztanle dituen herrian. Substitute teacher told 1st graders Santa isn't real, basically ruined Christmas, titulatu du Nj.com hedabideak. Ikasle txikienen Eguberriak zapuztu omen ditu andereñoak; haien paradisua suntsitu. Hil da Bizarzuri. Edo Olentzero, hemen gertatu izan balitz. Irakaslearen jokaera deitoratu du Rene Rovtarrek, Montvilleko eskola-inspektoreak. «Kaltea» etxean konpontzen saiatuko direla eman du aditzera ama batek.

Ez dakit irakaskuntzaren arloko sindikatuek ezer adierazi duten irakasle egiazalearen kontrako neurriei buruz. Zenbateraino dago justifikatuta emakumea kaleratzea? Ez zegoen hura zuzentzeko aukerarik? Eskuzabaltasunik ez, barkamenik ez maitasunaren garaien atarian? Etorkizunean, non egingo du lan emakume horrek, curriculumean haurren mundu magikoa zapuztu duela agertuz gero?

New Jerseyko irakasleak egia baino ez du esan, baina bazterrak nahastu ditu. Horrek kezka eta galdera batzuk sorrarazten ditu. Nork eta nola argitu behar dizkie haurrei haien unibertso dirdiratsuko gezur ilunak? Noiz? Eguberrietako istorioei ez ezik, egunerokoan berebiziko garrantzia duten gaiei buruz ere ari naiz. Esaterako: noiz eta nola esan behar dio guraso ateo batek umeari amama ez dagoela zeruan, zerurik ez dagoelako?—«nire ustez» esan barik, fededunek ez baitute esaten «amama, nire ustez, zeruan dago»—. Edo: eskolan, noiz eta nola hasi behar zaie umeei sexualitatearen korapiloa askatzen? Ez naiz betiko koplari buruz ari: «Aitatxok zera zertu zuen amatxoren zerean eta handik bederatzi hilabetera... zera, zeu sortu zinen». Beste azalpen sakon eta argiagoak ditut gogoan.

20 urteko ikasleek kontatu didate beren eskoletan, Nafarroan, 15 urterekin eman zietela lehenengoz horren berri, «gehiegi» sakondu gabe. 15 urte bete arte egon behar dute Internet eta sare sozialen aroko gizarte hipersexualizatu bateko neska-mutilek zer eta nola egin behar den jakiteko, zer saihetsi, nola jokatu? Wilhelm Reichek burua altxatuko balu, altxatu! Eta egongo da horrekin ados dagoenik. Edo atzera egin nahi duenik. Ikusi Skolae programarekin zer gertatu den. Katoliko integristak jo ta fuego ditugu ekimenaren aurka.

Jean Louis Davantek adierazi zuen elkarrizketa batean nola gaztetan apaizek zerbait esaten zieten bere adinekoei, horri buruz: emakume batekin guztia ez dela sartu eta atera; denbora, samurtasuna, ferekak behar direla, gozotasuna, gauzak ondo joateko. Apaiz errepublikanoak desberdinak izango dira, agian. Diktadura edo monarkiako apaiz edo moja asko, ordea, ez. Zer-nolako sexu heziketa ematen dute Gazteluetan? Udalekuetan Bizkaiko hainbat herritako umeekin ibiltzen den begirale batek kontatu dit Opus-en ikasitako haurrei segituan igartzen zaizkiela beren jatorria eta pentsaera. Batez ere, neskatoei. Oso klasistak direla, komentario arrazistak egiten dituztela. Ez ei dute nahastu nahi itxuraz beste klase sozial batekoak direnekin. Are gutxiago kanpotar itxura badute. Txiki-txikitatik barneratua dute. Pozoi hori guztia diru publikoz subentzionatu behar dugu?

Bortzirietako eskola batera hitzaldia ematera joan zen sexologo bat. Azalpenen ondoren, 15 urteko ikasle bati begiratu zion. «Eta zuk, noiz jo zenuen lehen aldiz kanpaia?», galdetu zion, tupustean. Mutikoa gorri-gorri egin zen, lotsaren lotsaz. Beste ikaskideek ez zuten negarrik egin, ez horixe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.