Iazkoaren kopia

Getariak irabazi du aurten ere KAE 1 liga, eta San Miguel ligara igotzeko kanporaketan, getariarrekin batera, Zumaia ariko da berriz

Getariako arraunlariak, zaleak eta zuzendaritzako kideak Bilbon, herenegun, KAE 1 liga irabazteagatik jasotako banderarekin. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2015eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Bukatu da aurtengo KAE 1 liga, eta iaz bezalako bukaera izan du. Garaile bera eduki du, Getaria, eta bigarren sailkatua ere joan zen urteko bera izan da: Zumaia. Horrenbestez, bi taldeek jokatuko dute aurten ere San Miguel ligara igotzeko kanporaketa, irailaren 19an eta 20an. Aurreko urtean, igo gabe geratu ziren biak.

Igandean eman zitzaion akabera ligari, Bilbon, eta Donostiarrak irabazi zuen bandera. Hirugarren garaipena zuen aurtengoa, eta hirurak modu berean eskuratu ditu: erlojuaren aurka. Bigarren Deustu izan zen, segundo batera, eta hirugarren, Zumaia, hirura. Getaria lau segundora geratu zen, laugarren. Ligako garaile izateko, Gorka Etxeberriaren taldeak nahikoa zuen estropada amaitzea, eta lan ona eginez bukatu zuen lehiaketa.

Zalantza gehixeago zegoen bigarren lekua lortzeko lehian, nahiz eta Zumaiak nahiko lotuta zeukan. Izan ere, Ondarroarekiko lau puntuko aldearekin ekin zion azkeneko estropadari, eta azkar uxatu zituen zalantza apurrak Patxi Francesen taldeak. Ondarroaren aurretik ibili zen estropada osoan, eta, azkenean, sei segundo sartu zizkion. Seigarren egin zuen Ondarroak, eta zazpi puntuko tartea egon da azkenean bien artean.

Ligaren bilakaeran, azkenera arte iraun duen zalantza bakarra bigarren lekuarena izan da. Beste lehia guztiak aspalditxotik egon dira erabakita. Getariak liga irabaziko zuela kontu jakina zen, estropadaz estropada joan delako aldea gizentzen, nahiz eta bukaeran Zumaiak aldea txikitu dion. Jaitsierako postuaren jabe Santoña egin zen hasieratik, eta behera joan da. Kanporaketari begira ere garbi geratu zen hasieratik Elantxobek beteko zuela leku hori.

Gauzak aspalditxotik finkatu samarrak egonagatik ere, KAE 1 liga ikusgarria izan da aurten ere. Hamalau estropada jokatu dituzte, eta gehienak itsasoan izan dira. Betiko arraunak lekua du oraindik ere liga horretan.

Bandera banaketari dagokionez, bost talde izan dira garaileak: Getariak lau irabazi ditu; Zumaiak, beste horrenbeste; Donostiarrak hiru bereganatu ditu, eta bana Deustuk eta Pedreñak. Ligaren hasieran uste zena bete egin da, horrenbestez. Zazpi talde azaltzen ziren goiko muturrean ibiltzeko hautagai bezala. Hala izan da. Aurreikuspen horietan, Getaria jotzen zen faborito nagusitzat, eta bete egin da hori ere.

Hondarribia B, KAE 1ligara

Hondarribia B-k irabazi du KAE 2 liga, etxeko estropadan Castrorekin zuen berdinketa hautsiz; bandera ere eraman zuen. KAE 1 ligara igoko da, eta Castrok eta San Pedro B-k kanporaketa jokatuko dute igotzeko, KAE 1 ligako Elantxoberekin, datorren asteburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.