TALDEEK PROPOSATUTAKO ADITUAK

Berria -

2018ko irailak 8
Mikel Legarda

EAJ

EAJk Espainiako Kongresuan dituen bost diputatuetako bat da Mikel Legarda Uriarte (Bilbo, 1956). 2016ko urtarriletik dago zeregin horretan, baina nagusiki Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoetan osatu du bere ibilbide profesionala. Letradun gisa sartu zen bertan, 1983an. Hala ere, ibilbide hori izendapen politikoekin uztartu izan du Lakuan; hamar urtez Segurtasun sailburuorde izan zen Juan Jose Ibarretxek zuzendutako Jaurlaritzan; ondoren, Gai Konstituzionaletarako aholkulari eta Transferentzia, Garapen Autonomiko eta Erregimen Juridikoko zuzendari. Gainera, hizlari jardun du Kanarietako, Kantabriako, Murtziako eta Valentziako autonomia estatutuen erreformarako lantaldeetan. Zuzenbidean lizentziaduna da, eta 1997. urtean afiliatu zen EAJn.

Iñigo Urrutia

EH Bildu

Iñigo Urrutia Libarona (Jatabe, Bizkaia, 1966) Zuzenbidean doktorea da, eta Administrazio Zuzenbidean irakasle Euskal Herriko Unibertsitatean. 1993an hasi zen unibertsitatean, eta urteotan ikerketa lerro ugari landu ditu: besteak beste, gutxiengoen eskubideak, hizkuntza eskubideak, ingurumen zuzenbidea eta erregulazio ekonomikoa. Iazko maiatzean, unibertsitate publikoak aldezle izendatu zuen, ikasleen eskubideen defendatzaile. Erabakizaleak erabakitzeko eskubidearen aldeko juristen taldeko kide da, eta 2015eko otsailean Autogobernu Lantaldean hartu zuen parte, taldeek eskatutako agerraldi sortan. Agerraldi horretan, erabakitzeko eskubideak nazioarteko zuzenbidean eta Espainiakoan izan dezakeen bideragarritasuna aztertu zuen.

Arantxa Elizondo

Elkarrekin Podemos

Arantxa Elizondo Lopetegi (Donostia, 1967) Politika Zientzietan eta Soziologian doktorea da, eta Politika Zientzietan irakasle Euskal Herriko Unibertsitatean. Iaztik, Espainiako Politika Zientzietako Elkarteko presidentea da. Batez ere, genero berdintasunaren alorrean jorratu du bere ibilbide akademikoa eta profesionala: EHUn, Berdintasun Masterraren sortzaileetako bat izan zen, eta 1998an Euskal Gizartearen Egoera ikerketa saria eman zioten, emakumeek euskal alderdietan zuten presentziari buruz eginiko ikerketa batengatik. 2009tik 2012ra bitartean, berriz, Emakundeko idazkari nagusi kargua bete zuen. Haren izendapenarekin, Elkarrekin Podemosek azaldu du «eskubide sozialak eta berdintasuna eztabaidaren erdian» jarri nahi izan dituela.

Alberto Lopez Basaguren

PSE-EE

PSE-EEk gainerako talde politikoek baino egun bat lehenago jakinarazi zuen Alberto Lopez Basaguren izango dela sozialistek proposatutako aditua. Lopez Basaguren (Basauri, Bizkaia, 1957) Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna da, eta Espainiako sistema politikoa eta federalismoa ditu ikergai, besteak beste. Nazioarteko unibertsitate ugaritan aritu da ikerlari, eta gaur egun ohiko iritzigilea da hedabide ugaritan. Horietan, behin baino gehiagotan mintzatu da Autogobernu Lantaldeak adostutako oinarrien aurka. Patxi Lopezen aholkulari izan zen hura Jaurlaritzako lehendakari zenean, eta erreforma konstituzionalari buruzko proposamen bat lantzeko PSOEk osatutako batzordean parte hartu zuen.

Jaime Ignacio del Burgo

PP

PPk Nafarroako politikagintzan ibilbide luzea eginiko politikari bat proposatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatutu proiektuaren idazketan parte hartzeko: Jaime Ignacio del Burgo (Iruñea, 1942). Izan ere, bizitza politikoa Nafarroaren espaniartasuna nabarmentzen eta hura gainerako euskal lurraldeekiko bereizten eman du. Zuzenbidean doktore, Nafarroako Unibertsitatean irakasle izan zen, baina politikan jardun du batez ere; 1979-1980 artean eta 1984an Nafarroako Gobernuko presidente izan zen, parlamentari 1979tik 1987ra eta Espainiako diputatu 1989tik 2008ra; betiere, eskuineko alderdietan; UCDn aurrena, PPn gero, UPN-n ondoren —PPk eta UPNk bat egitean— eta PPn berriz, bien arteko ituna haustean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna