BESTE AUZI BATZUK

2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuaren bina euroagindu eta estradizio eskaerez gain, Josu Urrutikoetxeak Frantzian baditu beste auzi batzuk zabalik.

Epaiketa, ETAko ustezko arduragatik. 2002-2005 arteko gertakari batzuk aipatuz, ETAko kide izatea eta haren zuzendaritzarekin harremana izatea leporatuta, 2010ean zigorra ezarri zion Frantziak: zazpi urteko kartzela —hasieran, bostekoa—. Zigor urteak gehitzeko xedez, prokuradoreak defenditu zuen Urrutikoetxeak ETAren «hierarkian» zukeen tokia kontuan hartu behar zela, eta epaileak bat egin zuen eskaearekin. Urrutikoetxea 2010ean sasian zegoen, ez zuen jaso epaiketaren jakinarazpenik, eta joan den maiatzean atxilotzean eskubidea zeukan epaiketari uko egiteko; hala egin zuen, eta berriro egingo dute auzi saioa. 2020ko urtarrilaren 6rako dute data jarria.

Epaiketa, Osloko elkarrizketagunean egoteagatik. 2011-2013an Osloko elkarrizketagunean ETAren egitura politikoan egotea egotzita zortzi urteko espetxea ezarri zion Frantziak orain dela bi urte. ETAk 2011ko urriaren 20an iragarri zuen jarduera armatuaren amaiera, eta, uda hartan erakundeak eta Espainiako Gobernuak (PSOE) bakoitzak bere aldetik nazioarteko bitartekariekin hitzartu zuten gatazkaren ondorioez hizketan hastea Norvegiako hiriburuan. Baina Madril ez zen agertu hara —2011 bukaeran PP jarri zen Moncloan—. 2017ko epaiketan Urrutikoetxea ihesian zegoen, eta berriro egingo dute epaiketa. Epaileak jarria du hitzordua: datorren urteko martxoaren 17a.

Baldintzapeko askatasuna. Joan den irailaren 11n Frantziako Dei Auzitegiko Instrukzio aretoak atzera bota zuen Urrutikoetxea baldintzapean aske uzteko eskaera. Erabaki haren aurkako helegitea aurkeztua du defentsak, Kasazio Auzitegian. Ekainean Dei Auzutegiak euskal presoa libre uzteko erabakia eman zuen, baina Madrilen eskaera bat zela-eta kartzelan segitu zuen.

'Le Figaro'-ren kontrako salaketa. Defentsa abokatuek Le Figaro Frantziako egunkariaren aurkako difamazio salaketa bat aurkeztu zuten. Le Figaro-k idatzi zuen 1987ko «erasoan parte hartu» zuela Urrutikoetxeak. Auzia izan zen duela aste batzuk, eta laster jakin ahal da erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.