Esklabotza molde berriak azalera

Amelia Valcarcelek esparru teorikoan kokatu du haurdunaldi subrogatuaren auzia EHUko Udako Ikastaroetan. Analogien bidez jarri ditu parean subrogazioa eta teoria filosofiko eta politikoak.

Amelia Valcarcel, atzo, EHUko Udako Ikastaroetan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Donostia
2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Amelia Valcarcel (Madril, 1950) filosofo eta idazle feministak jarri zion marko teorikoa haurdunaldi subrogatuaren inguruko jardunaldiari atzo EHUren Udako Ikastaroan. Hitz egiten hastearekin batera ezarri zuen mintzaldiaren helburua: «Eztabaidagaiari buruz ahalik eta gutxien esango dut, esan gabe baitoa». Subrogazioaren gaian korapilo nagusietakoa da emakumeen askatasuna; Montesquieu Ilustrazio garaiko pentsalariaren aipu bat erabili zuen Valcarcelek: «Egia da demokrazietan herritarrek ustez nahi dutena egiten dutela; baina askatasun politikoa ez da nahi dena egitea. Estatu batean, askatasuna da legeek onartzen duten guztia egin ahal izatea. Askatasun kolektiboa dago».

«Feminismoa abolizionista da. Ezaugarri hori du bere esentzian, helburua beti izan baita abolitzea gaizki jarrita dagoen desberdintasuna; gutxiespena eta tratu txarra dakartzana, alegia». Hortaz, Valcarcelen esanetan, feminismoarentzat «erraza» izan da beste abolizionismoekin bat egitea. Subrogazioaz zeharka aritzeko, esklabotza hartu zuen hizpide. Gogoratu zuen eskutik emanda egin zutela bidea esklabotza abolitzeko borrokak eta feminismoak.

Esklabotza «kontratu bidezko gizakien salerosketa» dela esan, eta analogiekin jarraitu zuen azalpena. «Gizakien salerosketa kontratu bidez egiten zen; beraz, kontratatua zen esklaboak ere izenpetzen zuen akordio hori». Horrela, bi aldeen «onarpena» zegoen «menpekotasun harreman» horretan. Haurdunaldi subrogatua ere kontratu bidez egiten da, bi aldeen adostasunarekin. Valcarcelek zergatia azaldu zuen: «Gizakiak onarpena behar du. Bortxazko egoera bat egongo bada, ekintza hori jasango duenak egoera baketsua balitz bezala onartzea behar du gizakiak».

Horrekin argitu zuen hitzarmena egoteak ez duela esan nahi harreman hori etikoki onartu behar denik. «Agian, jabe askok ez zituzten euren esklaboak inoiz gaizki tratatu, baina jabearen eta esklaboren harremana bera onartezina da. Jardun sozial bat ezin da epaitu kontuan hartuz ea hura jasaten duena matxinatu den ala ez; arrazoi indartsuagoak daude». Zehaztu zuen bortxazko egoera dela menpekotasun harreman bat daukan ekintza oro, eta ez dela beharrezkoa bortxa hori sistematikoa izatea.

Nor da ama?

Haurdunaldi subrogatuek sortu duten beste galderetako bat da amaren ingurukoa. Atenea Greziako jainkosaren istorioa ekarri zuen gogora: kondairaren arabera, aitaren kopetatik jaio zen. «Ez zuen amarik». Soilik aita dutenean, haurdunaldi subrogatu bidez jaiotzen diren haur batzuez ere esaten da ez dutela amarik.

Valcarcelek kritikatu zuen hori tradizio dualistatik hartutako «eufemismo» bat dela. Teoria dualistak gorputza eta arima bereizten ditu. Tomas Akinokoak horren inguruan teorizatu zuen, kristautasunaren baitan: amak gorputza ematen dio haurrari, eta Jainkoak, arima. Subrogazioarekin banaketa hori egiten dela erakutsi zuen: «Haurra izan duen andrea gorputzaren ama da; aldiz, haurra eskatu duena da arduraduna». Galdera bat luzatu zuen: «Teologiako praktika gisa onartzen ez duguna zergatik onartzen dugu praktika mediko gisa?».

Edonola ere, eztabaida kalean dago. Debatea plazaratzeko Overtonen leihoa teknika erabiltzea egotzi zien Valcarcelek subrogazioan interesa dutenei: «Haiei interesatzen zaizkien terminoetan ireki dute eztabaida, baina praktika honek eskubide askoren ukazioa dakar».

Muineko itaunak subrogazioaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.