Pio Agirre. Elkargiko zuzendari nagusia

«Aurrezkia finantzaketarako erabiliz, herri ituna egiten da»

Agirrek uste du herritarren eta enpresen arteko zubia eraikiko duela Bizkaiak eta Arabak sortu duten Berrikuntza Funtsak. Aurrerantzean antzeko baliabide gehiago sortzea nahi du.
ARITZ LOIOLA / @FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko uztailak 15
Finantza erakundea da Elkargi, baina ez du eskaintzen krediturik, bermeak baizik. Enpresa bat banku batera finantzabide bila doanean bitartekari lana egiten du, finantzabide horren bermatzaile gisa. Bizkaiak eta Arabak sortu duten Berrikuntza Funtsean ere rol hori jokatuko du Elkargik.

Zein behar zegoen Berrikuntza Funtsa sortzeko?

Beharra ez dago, teorian enpresa guztiak finantzaketara irits baitaitezke; baina beharrezkoak diren finantzaketa elementuak sortzeko beharra badago. Bankuen bidez finantzatu beharrean, enpresek euren arriskua dibertsifika dezaten. Funts pribatuetara jo daiteke, edo burtsara; baina horretarako, enpresa handia izan behar duzu, eta txikiei zein ertainei beste bide bat zabaltzen zaie funts honekin.

Halako funts gehiago sortuko direla uste duzu?

Europan hori lortu nahi du Juncker planak. Badakite Europa eta AEB ezberdinak direla. AEBetan, esaterako, finantzaketa gehiago dago burtsaren eta bonuen bidez, eta Europan hori aldatu behar da. Zergatik? Duela hamar urte krisia sortu zenean sistema ia gelditu egin baitzen. Likidezia geldituz gero, nahiz eta enpresa ondo joan, horrek hil zaitzake. Beste era batera esanda, osasuntsu egon zaitezke, baina bihotza gelditzen bada, gorputza gelditu egiten da. Bihotz bakarra badaukazu, bihotzeko txiki batek hil zaitzake, eta, horregatik, beste tresna batzuk bilatu behar dira.

Herritarren aurrezkia erabiltzen da funts horretan. Nola anima daiteke aurreztailea inbertsio hori egin dezan?

Arabak eta Bizkaiak hori nahi dute, aurrezkia enpresara bideratzea. Era horretan, herri mailako konexio bat egiten duzu, sozialki zein ekonomikoki denok lotzen gaituena. Aurrezkia finantzaketarako erabiliz, herri ituna egiten da, eta ordain bat eduki dezake, gainera. Interesa %0an dago, eta hor ezin da ordaindu, baina diputazioek badute aukera zerga arauak egin eta kenkariak ezartzeko.

Arrisku txikiko inbertsioak dira. Horrek jendea erakar dezake?

Dena ongi pentsatua dago, eta aurrezki apalagoak dituztenengana iristen da. Dibertsifikatu egiten da alde horretatik, eta enpresa berritzaileei laguntzeko bideratzen da dirua. Zirkulua ondo ixten da. Herri konexio bat egiten da horrela; inbertsio ona da.

Enpresek berrikuntzan gehiago inbertituko dutela uste duzu?

Baietz uste dut. Apurka, enpresek berrikuntzan inbertitu beharra daukate, eta merkatua doan erritmoan, are gehiago, gainera. Enpresa txiki eta ertainek zailtasun gehiago izaten dute finantzaketa hori lortzeko; beraz, sinetsita nago tresna egokia izan daitekeela.

Aurrezkien bidezko inbertsioak izango dira. Modu on bat da enpresak finantzatzeko?

Errespetu handia eduki behar da aurrezkiekin, aurreztea asko kostatzen baita. Horregatik, garrantzitsua da aurrezten duen horrek ongizatea eta enplegua sortzen duela sentitzea. Enplegua sortu behar dela badakigu, eta horretarako finantzaketa behar dela ere bai. Beraz, komunitate bat sortzen da hala, eta elkar konektatzen dugu. Herri proiektu bat sortzen laguntzen du horrek guztiak, eta aurreztaileak gogobetetze sentipena eduki dezake.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna