Migel Zeberio.
ANALISIA

Ekialdetik datorren argia

2014ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Aurtengo Tolosako Abesbatza Lehiaketarenak eman du beretik. Nabarmentzekoak: bi sail nagusietan buru egin duten taldeen eta gainontzekoen arteko aldea; emanaldi guztien maila duina eta atsegina; mundu geroz eta globalizatu honetako kultura desberdinen eskaintzaren aberastasuna. Honetaz guztiaz gozatzeko, ikusleria bero baina ez oso ugaria izan da. Zergatik ote?

Europa ekialdeko herrialde bizilagunetako ordezkari ugari izan dira ahots taldeetan, eta belarrien gozamenerako hain urrun bezain gertu ditugun kultura horiei buruzko lagin anitz eta aberatsak entzun ahal izan genituen. Esloveniatik etorritako Ingenium seikotea gailendu zen. Goi mailako taldeen bereizgarrien jakitun, gozarazi ziguten: soinu delikatua, esaldien erritmika eta joskera gozatuak, ahotsen arteko elkarrizketan prestutasuna, eta oreka. Oholtza gainean adierazitako plastikotasunaren bidez entzulearekiko transmisio sarkorra lortu zuten. Zoragarria!

Beren bikaintasunean, baina, koska bat azpitik aritu ziren gainontzeko taldeak. Erresuma Batuko Chapter Five-koek aintzinako musikaren esparruan apainduretan eta interpretazioan erakutsitako originaltasunak harritu ninduten. Bielorrusiako Blagovest-ekoen gizon ahots indartsuek, berriz, erritu ortodoxoaren erakusle bihurtu ziren, eta bertako kondairan murgiltzeko gonbita egin ziguten.

Errumaniako Anatoly-k, berriz, bertako kulturetatik ezagutzen ez dudan esparruetariko batean oinarritu zuen egitarauaren zati gehientsuena, Glissando geldo, erritmo aldaketa ugari eta Itsaso Beltzaren inguruan dauden kultura ugarien aldarea aberatsen erakusle. Mailari dagokionean ere, gertutik ibili zirenGemma hungariarrak ere.

Abesbatzen sailean, berriz, Singapur eta Indonesiako oihartzunek ukitu exotikoa gehitu zioten emanaldiei; ez gehiago! Portland-eko (AEB) abesbatzak bazuen non jorratua, taldea bikaina zen-eta, baina gutxitan lortu zuten zirrara eragitea. Erresuma Batuko Amici-k, bere apaltasunean, polifoniako zehaztasun faltaren ostean, bere soula eskaini zigun Gershwin-en ingurumarian.

Asturiasko (Espainia) Aurum taldeko neska gazteek berebiziko erakustaldia eskaini zuten. Helena Rosok taldeari etekin gehiago ateratzeko hautaturiko bideek emaitzetan dute argi ematen. Landutako ahots emisio garbia eta efektiboa da haiena, ordu luzez egindako xehetasunezko talde lana. Zuzendariaren beraren musika ulertzeko eta igortzeko gaitasun zorrotzak bi hirugarren sariren irabazle bihurtu zituen. Jakinik Espainian artearen munduak duen amaigabeko hesi eta traba, zorionik beroena merezi dute.

Letoniako Maska gazte abesbatzak aldi bakoitzean launa obrarekin egin zuen aurrera. Eredu gisa indartsu, nahiz eta batzuetan zuzendariaren malgutasuna faltan sumatu genuen. Askotan gertatzen da, hainbat abesbatza jarraian entzun ahala, proposatuko zenukeela denen arteko bertuteez osaturiko bat. Jolas polita da bateko zuzendari eta besteko kantariak konbinatuz eraikiko litzatekeen mazedonia musikala, eta horretarako ere bada tarterik lehiaketaren ingurumarian.

Ukrainako Glier Institutuko Emakumezko Abesbatzak eta bere lemazain Elena Gorbatenkok ez zuten hutsik egin. Urte luzez eraiki duen ibilbide oparoan erakustaldi bat gehiago izan zen Tolosan eskainitakoa. Estilo, garai eta joera gehienetako musika lantzeko ez du oztoporik taldeak. Baditu baliabideak afinazioan, dinamiken aldaeretan, harmonia perfektu bezain zailetan, edo konplexu bezain enarmonikoetan... Horrek ziurtasun osoz murgiltzeko gaitasuna eskaintzen die. Zenbaitetan zirarragarri izatera iristen dira. Irabazitako txapel andana jasotzeko toki bila ibiliko dira jada!

Letonia eta Ukraina, Kamer, Ave Sol, Oreya, Glier eta abar, eta abar. Non begiratzeko ispilu eta erreferentzia bikaina eskaintzen diguten herrialdeak ditugu. Tolosako lehiaketan behin eta berriz garaile izanik, Euskal Herriarekin kultur zubi iraunkorra eraikitzen hasteko garaia dela proposatu nahi nuke!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.