HAUTAGAIAK

2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Unai Rementeria EAJ

Berriro hautatzen badute, bigarren agintaldia egingo du Unai Rementeriak (Mundaka, Bizkaia, 1973) Bizkaiko ahaldun nagusi. Hara iritsi aurretik, baina, ibilbide politiko luzea egin du: Mundakako alkate, legebiltzarkide, Bizkaiko Batzar Nagusietako kide eta Foru Aldundiko diputatu ere izan da.

Rementeriak joan den astean plazaratutako txioak harrabots handia sortu zuen, baina, geroztik, bere kudeaketaren lorpenak azaltzea eta proposamenak egitea lehenetsi du beste ezeren gainetik.

Bea Ilardia EH Bildu

Primarioetan aukeratua izan ondoren, Bea Ilardia (Galdakao, Bizkaia, 1974) da EH Bilduren hautagaia Bizkaiko ahaldun nagusi izateko. Legelaria da, eta EHUko irakasle ere izan zen, baina bere eskarmentu handiena familia eta zigor auzietan abokatu gisa bildutakoa da, genero-indarkeria auzietan eta adingabeen ingurukoetan bereziki. Galdakaoko zinegotzia ere izan da.

Ilardiarekin, diskurtso sozial eta feminista indartu du EH Bilduk Bizkaian. «Pertsona guztien bizimodua hobetzea» izaten ari da bere kanpainaren ardatza.

Teresa Laespada PSE-EE

Askoren begietara, Teresa Laespada (Bilbo, 1965) bere ibilbide akademikoagatik da ezaguna. Soziologian doktorea da, eta urte askoan droga menpekotasunaren eta gazteriaren arloan egindako ikerketek sona handia eman diote. Baina politikagintzan ere ez da hasiberria: 2009tik 2012ra PSE-EEko legebiltzarkide izan zen.

EAJk eta PSE-EEk egindako itunaren ondorioz, Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatu izan da azken agintaldian. Orain, ardurak eman dion ikusgarritasuna baliatu nahi du Bizkaiko ahaldun nagusi izateko lehian.

Eneritz Madariaga Elkarrekin Podemos

M-15aren ostean, gizarte mugimenduetan aritzetik politikarako urratsa egin zutenen adibide izan daiteke Eneritz Madariaga (Bilbo, 1978). Atxuriko auzo elkartean (Bilbo), borroka feministan, gizarte zerbitzuetan —esaterako, bakarrik iritsi diren adingabeekin— eta beste zenbait arlotan aritu da lanean. Instituzioetako lanari dagokionez, 2017an hasi zen Bizkaiko Batzar Nagusietan, Ahal Dugu-ko beste batzarkide bat ordezkatuz.

Neurri sozialen aldeko aldarria eta EAJren eta PSE-EEren kontrako kritikak nagusitu dira Madariagaren kanpainan.

Amaya Fernandez PP

Urte asko eman ditu Amaya Fernandezek Barakaldoko Udalean lanean, PPren zinegotzi. Alderdi Popularra azken bolada honetan astindu duten krisien etengabeen ondorioz, 2017an jauzia egin zuen eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPko idazkari izendatu zuten, eta orain aurkeztuko da ahaldun nagusi izateko.

Zerrendetan agertu ez diren PPren zenbait hautetsik —Luis Egiluz Bilboko zinegotziak, esaterako— publikoki esan dute oraingoan ez diotela PPri botoa emango. Fernandezek ez du lan erraza alderdiaren arrakalak josten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.