Ekialde Hurbila. Israel-Palestina gatazka

Trumpek proposatu du Jerusalem ekialdea «lurralde bikoitza» izatea

AEBetako presidenteak Israelentzat onuragarria den «bi estatuko egiazko irtenbide bat» aurkeztu du, eta onartzeko ia ezinezkoak diren baldintzak ezarri dizkie Palestinako agintariei

Protestariek Gazako kaleak bete zituzten atzo, AEBetako presidenteak egindako proposamenaren aurka agertzeko. MOHAMMED SABER / EFE.
ander perez zala
2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Agerraldiaren eszenaratzeak agerian utzi zuen, hasiera-hasieratik, proposamen sorta ez zela gatazkako bi aldeentzako onuragarria izango, eta soilik bat agertuko zela pozik. Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea prentsaren aurrera atera zen atzo, Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroa alboan zuela, eta palestinarren ordezkaritzarik gabe, «mende honetako egitasmorik handiena» deitu duen neurri sorta aurkeztera: laburbilduta, AEBek Israeli hamarkadotan egin dituen aldarrikapenak aitortuko lizkioke, eta Palestinak estatu bat egituratzeko aukera izango luke, baina nahi baino mugatuagoa, hainbat aldarrikapenetan amore eman beharko lukeelako. «Israelek Etxe Zurian inoiz izan duen lagunik onena zara», esan zion Netanyahuk Trumpi, proposamenen berri eman ostean. Etxe Zuriak hiru urte behar izan ditu proposamen sorta hori osatzeko, baina jaio eta berehala hiltzeko arrisku handian dago.

2017ko otsailean, AEBetako presidente kargua hartu eta hilabetera, Trumpek bizkarra eman zion bi estatuko irtenbideari. Orain, ordea, badirudi ideia hori berreskuratu duela, baina Israelen interes ia guztiak betetzeko helburuarekin. Proposamen berriaren arabera, planaren erdigunean egongo litzateke Jerusalem: AEBek hiri hori joko lukete Israelen hiriburutzat —«zatitu gabeko hiria»—, eta, aldi berean, Jerusalem ekialdearen «parte batzuk» izango lirateke balizko Palestinako Estatuaren hiriburua, kontraesana dirudien arren.

Ez da kasualitatea Trumpek hauteskunde urtean aurkezteaEkialde Hurbilerako proposamena. Buruzagi errepublikanoak bigarren agintaldia du helburu—azaroaren 3an dituzte bozak—, eta ez Israelen eta Palestinaren elkarbizitza erraztuko duen bide orri bat osatzea; horregatik aurkeztu du egitasmoa impeachment prozesu betean eta Israelgo Parlamenturako hauteskundeen atarian —martxoaren 2an dira—. Netanyahu, gainera, ustelkeria kasuengatik auzipetuta dago, eta Trumpen plana bultzada garrantzitsua izan liteke horri begira.

AEBetako presidenteak bi estatuko irtenbidea proposatu duen arren, onartzeko ia ezinezkoak diren baldintzak ezarri dizkie Palestinako agintariei: Jerusalem Israelen hiriburutzat aitortzea, eta orain arte eraikitako kokaguneak desegiteko helburua bertan behera uztea, adibide batzuk aipatzearren. Hortaz, Palestinako Estatua Zisjordaniak eta Gazak osatuko lukete, eta biak tunelen bidez egongo lirateke konektatuta. «Bi estatuko egiazko irtenbide bat da», aldarrikatu zuen AEBetako presidenteak.

Trukean, Israelek kokaguneen eraikuntza etengo luke lau urtez. Netanyahu pozik agertu zen Trumpekin: «Plan egokia da. Aurrekoek huts egin dute orekarik ez dutelako lortu [Israelen eta Palestinaren helburuen artean]».

Onurak saldu nahian

Agintariaren arabera, egun palestinarren esku dagoen lurraldea halako bi izango litzateke Palestinako Estatu hori, nahiz eta prentsaurrekoan ez zuen esan zehazki zer eremuri buruz ari zen. «Gaurkoa [atzokoa] pauso handi bat da Israelentzat bakera begira. Palestinarrentzat ia milioi bat lanpostu sortuko lituzke, eta barne produktu gordina hirukoiztuko luke», adierazi zuen AEBetako estatuburuak.

Ordea, Trumpek auziari erreferentziarik egin ez zion arren, baiezkoak beste baldintza bat izango luke: Netanyahuk adierazi zuen Jordango harana Israelen kontrolpean egongo litzatekeela, eta AEBek errealitate hori aitortuko luketela: «Geure burua defendatzeko balioko liguke ekialdean muga iraunkor bat izateak».

Lur emankor horiek Zisjordaniaren %30 inguru osatzen dute; Jordaniarekiko mugan daude, eta palestinarrek Zisjordaniaren zati dela aldarrikatzen dute. Hortaz, ez zen argi geratu palestinarrek nola bikoiztuko luketen euren kontrolpeko eremua Jordaniako haranik gabe.

Neurri ekonomikoak

Israeldarren eta palestinarren arteko gatazka konpontzeko planak izan dezakeen etorkizunaren isla izan zen iragan urtean AEBekBahrainen egin zuten konferentzia. Jared Kushner Trumpen aholkulariak plan horren neurri ekonomikoak aurkeztu zituen orduan, baina ez zuen izan arrakasta handirik.

Plan horren arabera, 44.000 milioi euroko inbertsioa egingo lukete Ekialde Hurbilean, eta kopuru horretako 25.000 milioi izango lirateke Palestinarentzat; gainerakoa Jordaniaren, Egiptoren eta Libanoren artean banatzeko erabiliko lukete. Konferentziak, ordea, parte hartze apala izan zuen, eta palestinarrek boikot egin zioten; AEBetako presidenteak, halere, diru laguntza horri eutsiko diola adierazi zuen atzo.

Plana argitara atera aurretik ere, Palestinako agintariak Trumpen asmoen kontra agertu dira, eta datozen egunotan jarrera bera sendotzea espero da. Atzo bertan, AEBetako presidentearen proposamenari eman beharreko erantzunaz eztabaidatzen aritu ziren Zisjordanian agintean dagoen Palestinako Aginte Nazionaleko (PAN) presidente Mahmud Abbas eta Gazaren kontrola duen Hamas taldearen buruzagi Ismail Haniyeh; bi agintariek palestinarren arteko batasuna jo zuten lehentasuntzat. Ramallahn, gainera, palestinarren sektore guztien ordezkariak elkartu ziren erantzun komun bat adoste aldera.

Trumpek sei asteko tartea eman die bi aldeei proposaturiko testua onartu edo atzera botatzeko. Israelgo oposizioko Urdina eta Zuria koalizioko buru Benny Gantzek iragarria du martxoko bozen ostean hausnartuko duela gaiari buruz; Abbas Arabiar Liga osatzen duten estatuetako Atzerri ministroekin biltzekoa da gaur, auziaz eztabaidatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.