Herritarrak badaezpada atxikitzeko eskubidea

Legegaiaren neurri ugarik kezka piztu dute; zigortzeko ahala prefeten esku uzteak, kasurako. Protesta batean aurpegia estaltzea delitu izango da

Christophe Castaner Frantziako Barne ministroa, Frantziako Asanblean, atzoko saioan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
jon olano
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Manifestazioetako indarkeriak saihesteko eta zigortzeko legea izena du arauak, baina bazter nahasleen aurkako lege gisa bataiatu dute hedabideek.

NONDIK DATOR EGITASMOA?

2018ko ekainean erregistratu zuen lege proposamena Errepublikanoen taldeko Bruno Retailleau senatariak, artean Jaka Horien mugimendua abiatu gabe zela. Azaroaren 18tik aurrera, ordea, mugimendu horrek ehunka mila lagun elkartu ditu larunbatero, eta istilu handiak izan dira Frantziako Estatuko hiri nagusietan.

ZEIN NEURRI JASOKO DITU?

Nagusiki, pertsona jakin batzuei debekatu ahal izango diete manifestazioetara joatea. Prefetak ezarri ahal izango die debeku hori «ordena publikorako aparteko larritasunezko mehatxua» diren herritarrei. Horretarako, irizpide «objektiboak» ezartzea onartu zuen Frantziako Asanbleak urtarrilaren 30ean: aurrez «pertsonen osotasun fisikoaren aurkako eraso larriak nahiz ondasunei kalte esanguratsuak» egin dituztenei ezarri ahal izango diete debekua. Zigorra sei hilabeteko espetxe zigorra eta 7.500 euroko isuna izango da. Debekua jasotzen dutenek helegitea aurkeztu ahal izango dute administrazio justizian.

Horrez gain, manifestazio batetik gertu dauden poltsak, ibilgailuak eta bestelakoak arakatu ahal izango ditu Poliziak, armak bilatzeko helburuarekin. Neurri horretan pauso bat atzera eman du Asanbleak, aurretik senatariek onartu baitzuten «segurtasun perimetro» bat ezartzea mobilizazio baten inguruan.

Halaber, gaur-gaurkoz, kalte materialak jasaten dituztenei estatuak ematen dizkie kalte-ordainak. Hori aldatuko dute, eta ustezko egileei ordainaraziko dizkiete eragindako kalteak, horiek auzibidean zigorrik jaso ez badute ere.

AURPEGIA ESTALTZEA, DELITU?

Beste neurri polemiko bat ere jaso dute arauan: manifestazioetan «berariaz aurpegi osoa edo parte bat arrazoi legitimorik gabe estaltzea» delitu izango da aurrerantzean, eta 15.000 euroko zigorra ezarriko diete hala egiten dutenei. Oraingoz ez da delitu, eta 1.500 euroko isuna ordaindu beharra dute aurpegia estaltzen dutenek.

NORK ZIGORTUKO DU?

Manifestazioetara joateko debekua bete dadin, prefetak aukera izango du pertsona jakin batzuei prefekturara joanarazteko, horrela bermatzeko ez dozela mobilizazioetara. Badaezpada atxikiko dituzte, beraz. Debeku hori, ordea, luzatu egin daiteke: prefetak herritar bati galaraz diezaioke Frantziako Estatu osoan parte hartzea ezein manifestaziotan hilabeteko epean. Hain justu, hori da legeari egin zaizkion kritiketako bat: orain arte, epaileak baino ezin zuen ezarri debeku hori, eta betiere herritar bati ezarritako kondena baten testuinguruan.

NOLA IDENTIFIKATUKO DITUZTE DEBEKUA DUTENAK?

Frantziako Gobernuak fitxategi bat zabaldu nahi zuen, bertan biltzeko manifestazioetara joateko debekua dutenak. 2006az geroztik badago beste fitxategi bat futbol estadioetara sartzeko debekua duten zaleentzako; horren tankerako bat eratu nahi zuten orain, eta hala onartu zuen Senatuak. Asanbleak ez du fitxategi hori onetsi, baina ez dio uko egin balizko «bazter nahasleak» identifikatzeari. Hori dekretu bidez arautu ahal izango dute.

ZEIN DIRA ERAGOZPEN NAGUSIAK?

Batetik, ez dela gauza bera estadio itxi batera sartzeko debekua eta kalean, esparru publiko batean, ibiltzekoa: neurriaren proportzionaltasuna egon liteke zalantzan. Manifestazio eskubidea ez dago berariaz jasota Frantziako Konstituzioan, baina, 1995az geroztik, Kontseilu Konstituzionalak aitortua du «ideiak eta iritziak kolektiboki adierazteko eskubidea». 2016ko uztailetik, eskubide hori bertan behera gera daiteke larrialdi egoera ematen denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.