Gatazkaren konponbidearen aldeko ordezkaritza bat Parisera joanen da

Instituzio anitzetako ordezkariekin bilkurak eginen dituzte astelehenean, eta prentsaurrekoa eginen dute Frantziako Asanblean. Presoen gaian eragitea dute xedea. Baikor dira gobernu berriarekin
Parisera joanen den ordezkaritzako kide batzuk, atzo, Baionan egin zuten agerraldian.
Parisera joanen den ordezkaritzako kide batzuk, atzo, Baionan egin zuten agerraldian. ISABELLE MIQUELESTORENA

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko uztailak 8
«Baldintza guziak beteak dira aitzina egiteko. Ezin da aukera pasatzen utzi». Baikor da Anaiz Funosas Bake Bideako presidentea, apirilaren 8ko armagabetzearen ondotik sortu den egoerarekin. Gatazkaren konponbidearen aldeko ordezkaritza bat Parisera joanen da astelehenean, Frantziako Gobernuari urratsak egin ditzan eskatzera. «Seinale bat behar dugu, orain arte lortutakoa ontzat ematen dutela erakusteko». Helburu argia dute: euskal presoen gaian berehalako neurriak hartzea Parisek.

Izen handiko ordezkaritza osatu dute horretarako: Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidentea eta Michel Veunac presidenteordea, Vincent Bru, Florence Lasserre eta Jean Lassalle Ipar Euskal Herriko diputatuak, eta Jean Jacques Lasserre eta Frederique Espagnac senatariak. Horiekin batera, eragileen ordezkariak, juristak eta hautetsi gehiago ere izanen dira.

Egun osorako hitzordu andana lotu dute Parisen: besteak beste, CNCDH Giza Eskubideen Frantziako Aholku Batzordearekin —lehen ministroari lotutako erakundea da—, Jacques Toubon arartekoarekin eta Adeline Hazan Frantziako Presondegien ikuskatzailearekin. Halaber, Frantziako Asanbleako talde parlamentario guziekin ere elkartu nahiko lukete. Aspalditik zuten xedea ordezkaritza bat bidaltzeko; apirilaren 8ko eguna eta hauteskunde zikloaren ondotik, momentu egokia dela erabaki dute. Astebetean lotu dituzte hitzordu guziak, eta oraindik ez dituzte talde politiko guzien erantzunak jaso, Funosasek azaldu duenez. Guziekin biltzea espero dute, eta astelehenean berean prentsaurrekoa eginen dute Frantziako Asanblean bertan.

Presoen egoera izanen da mintzagai nagusia Parisen. Gogor mintzatu da Etxegarai: «Eskandalu bat da euskal presoen hurbiltzea ez gauzatzea; ez da argudiorik, ez du ezerk justifikatzen». Azken hilabeteetako gertakariek «goi mailan» eragin dutela baieztatu du Mixel Berhokoirigoin bakegileak. «Armagabetzea ez zuten oztopatu; jarrera baikorra izan zuten gauzatu zedin. Ondoren ere izan dira seinaleak: Oier Gomezen askatzearentzat erabili duten argudiaketa, adibidez». Gehiagorik ez dute zehaztu nahi izan. Emilie Dutoya PSko eskualdeko kontseilariaren ustez, gehiengo berrian direnek badute «rol garrantzitsu bat» jokatzeko. «Uda aitzin gauzak mugitu behar dira». Bere aldetik, «pozik» agertu da Florence Lasserre Modemeko diputatua, parte hartzera gomitatu dutelako. «Denbora behar da gauzak ongi egiteko».

Euskal Herriaren izenean

«Helburua da Euskal Herriko boz bateratu bat joatea Parisera, Aietetik abiatutako bide orriari segida emateko», adierazi du Funosasek. Apirilaren 8ko eguna «ezinbesteko» mugarria izan da hori lortzeko. «Armagabetzea osoa eta egiaztatua izan zen. Egiaztatzaile taldeak bere bidea bukatutzat emateak erakusten du hori», Mixel Berhokoirigoinen hitzetan. «Guk beti erran dugu: armagabetzeak bakea ahalbidetzen du, baina ez da bakea». Horregatik, «keinu argi bat» nahi dute.

Apirilaren 8koa Ipar Euskal Herrian baizik ezin zitekeen gertatu Etxegarairen ustez. «Hego Euskal Herrian ez zuten sinesten. Uste dut espero zutela, baina ez zuten sinesten. Trukaera anitz izan dugu, anitz aldiz joan naiz hara». Haren ustez erabakigarria izan zen. «Gure artean adostasun zabala bada. Hego Euskal Herrian ez zen hala; aldatu da». Euskal Elkargoko lehendakari gisa Frantziako Justizia ministro berriari gutuna idatzi diola jakinarazi du Etxegaraik; «eta irakurri du». François Hollanden gobernuak agintaldi bukaeran izan duen jarrera goraipatu du, oraingoarekin «hobeki eta fiteago» aitzinatuko dela esperota. «Gobernuak erran behar du zein den egiten zaien eskaeraren erantzuna». Parean, osotasun baten izenean hitz egin nahi du Etxegaraik. «Euskal Elkargoak erabakiak hartu ditu jadanik, eta hartuko ditu gehiago, Ipar Euskal Herri osoaren izenean mintzo dela erakusteko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna