Tramitazioa hasteko, alderdiek adituen agerraldiak eskatu dituzte

Edurne Begiristain -

2018ko irailak 19
EAEko Polizia Legearen proiektuaren tramitazioa aurki jarriko dute martxan Eusko Legebiltzarrean. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak agerraldia eskatu du jada egitasmoari buruzko azalpenak emateko, eta joan den asteartean epea amaitu zen taldeek lege proiektua aztertu eta eztabaidatuko duen batzordean adituen agerraldiak eskatzeko. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk egin dituzte agerraldi eskaerak.

EH Bilduk hamar agerraldi hauek eskatu ditu: John Finnie Eskoziako Alderdi Berdeko parlamentaria eta Eskoziako polizia buru ohia; Sabina Puig Torturaren Prebentziorako Kataluniako mekanismoko kidea; Carlos Hernandez Torturaren Prebentziorako Euskal Herriko Koordinakundeko kidea; Oscar Padura abokatua; Aitzol Osa udaltzaina; Natxo Urkixo Laudioko alkatea; Txingudi Ikastola; eta Ertzain Abertzaleen Elkartea. Elkarrekin Podemosek, berriz, lau agerraldi eskatu ditu: Angels Bosch EuroCop-eko presidentea, Lohitzune Zuloaga soziologoa, Maria Eugenia Rodriguez Palop jurista eta Arartekoa.

PPk, bestalde, zazpi polizia elkarte deitu ditu batzordera: Erne, Sipe, Euspel, ELA-Ertzaintza, Esan, AAE Euskadiko Aguazilen Elkartea eta SVPE Polizia eta Larrialdietarako Sindikatua.

EH Bildu, aurka

Iñigo Urkulluren gobernuak legealdi honetan onartu nahi du EAEko Polizia lege berria, lege egutegiak jasotzen duenez. Urtebete geratzen da legealdia amaitzeko, eta, nahi izanez gero, denbora egon badago tramitatzeko. Arazoa, baina, bestelakoa izan liteke: PPko legebiltzarkideen babesa urrun izanik, EAJk eta PSEk EH Bilduren edo Elkarrekin Podemosen botoak beharko dituzte legea onartzeko. BERRIAk jakin duenez, EH Bilduk ez du proiektua babestuko, oso kritiko baitago Segurtasun sailak proposatzen duen polizia ereduarekin. Baliteke, beraz, azken hitza Elkarrekin Podemosen esku egotea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna