218.400 Km: Estatu krimen planifikatua

Iñaki Usandizaga Galarraga, Ramon Arkauz Arana
2018ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Iazko urtearen hondarrean izan genuen euskal preso politikoen senide eta lagunek izandako azken istripuaren berri, 2017ko bederatzigarrena. Kasu hartan, Marta Igarriz presoaren senideek istripua izan zuten Castello I espetxetik itzultzean. 2018ko lehen hilabeteari agur esateko astirik gabe izan dugu urteko lehen istripua: Susana Uribetxeberria oñatiarrak, Xabier bikotea bisitatzetik zetorrela Salamancan jasandako krimen planifikatua.

Horrela besterik ezin baitugu sakabanaketa politika definitu: mendekuan oinarritutako estatu krimen planifikatua. Planifikatua baitago Oñatiko Euskal Preso Politikoak bisitatzeko senide eta lagunok urtean egin behar ditugun kilometro kopurua: 218.400. Norbaitek uste al du kilometro kopuru hori eginaraztearekin ez direnik istripua izateko aukerak areagotzen?

Euskal Preso Politikoen senide eta lagunak gara eta, horregatik, kondenatu egiten gaituzte; sakabanaketarekin gure eskubideak sistematikoki urratzen dituzte, zigortu egiten gaituzte, soilik, senide edo lagunak izateagatik.

Giza Eskubideak sistematikoki urratzen ditu sakabanaketak, bai preso ditugun gure senideenak, baita gureak ere. Eta gaur bezalako egunetan, bereziki gogorra da errepideetara halabeharrez irten behar izatea. Derrigorrez beste aukerarik ematen ez digutelako. Gure bizitza arriskuan jartzera behartzen gaituzte. Elurretara, izotzera irtetera behartzen gaituzte. Errepideetara irten behar gara. Beste aukerarik ez dugulako. Gure senide eta lagunak maite ditugulako!

30 urte beteko dituen sakabanaketa politikak 400 istripu baino gehiago eragin ditu eta 16 dira sakabanaak eragin dituen hildakoak, haien artean Nati Junco oñatiarra 2007an.

Sakabanaketa amaitu beharra dago, eta, hori eskatzeko, ezinbestekoa da guztion indarrak metatu eta herri presioa egitea. Ostiral honetan, eskualdeko presoen senideek Giza Katea burutuko dugu 19:30ean Oñatin. Eskuz esku sakabanaketa amaitzeko eskatuko dugu beste behin. Bertan espero zaituztegu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.