Arrauna

Oriok etxeko estropada irabaztea ere lortu du

Lehenengoz lortu du herriko bandera, Euskotren ligako zazpigarren jardunaldian, arraunlari bat arraunean egin ezinda geratu arren lan erdian

Orioko arraunlariak portura itzultzen, atzo irabazitako etxeko estropadako bandera traineruan hartuta. J. C. RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Oriok badaki arraunlari bat gutxiagorekin ere bandera irabazten. Benetan gertatua da, atzo, Orion bertan, Euskotren ligako zazpigarren jardunaldian. Lehiaketa horretako laugarren bandera astindu zuen, herrian, aurreneko aldiz, eta ez zen ezustea izan, nagusi izan delako aurtengo zazpi estropadetatik seitan. Batetik, irabazteko moduak sortu zuen harridura, eta, bestetik, ezusteko gertakaria gertatu aurretik egiten ari zen lan bikainak.

Hasi orduko hartu zuen abiadura bizkorra Txiki traineruak, eta etxean aritzearen grina bizigarri zela agerian utzi zuten arraunlariek. Bigarren kalean zen etxeko taldea, aurrenekoan Arraun Lagunak, hirugarrenean Donostiarra, eta laugarrenean Hondarribia. Estropada teknikoa zen, eta azkar menderatu zuen Oriok; ziabogan, Arrauni bederatzi segundo atera zizkion. Orduantxe hautsi zitzaion toleta Sandra PiƱeirori, hankeko istriborrari, eta lan erdiak arraunik gabe egin zituen. Oztopo handi horren zama lau segundokoa izan zen, eta, bukaeran, Oriok 4,52 segundo atera zizkion Arrauni. Donostiarra izan zen hirugarren, eta azkena, Hondarribia. Gaur, Sestako estropadan ariko dira laurak (11:40, ETB1).

Deusturen lehena ETE ligan

Sestaon jokatu zuten atzo ETE ligako seigarren jardunaldia, eta Deustuk, sailkapenean bosgarren zenak, bigarren txandan arraun eginda, sasoiko lehen bandera astindu zuen. Oso lehia estua izan zen, azkeneko txandan irabazle izan zen Hibaikari 97 ehunen atera zizkiolako, eta Zumaiari, 1,56 segundo. Lider berria Hibaika da, Zumaiarekin berdinduta. Gaur, Orion dute estropada, 18:00etan, itsasoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.