Donostiako 69. Zinemaldia. Perlak. KRITIKA

Txikitasunetik hazten

Uxue Arzelus Lasa.
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
'Petite maman'

Zuzendaria: Celine Sciamma. Aktoreak:Josephine Sanz, Gabrielle Sanz, Nina Meurisse. Herrialdea: Frantzia.Iraupena:72 minutu.

Nelly eta ama bere haurtzaroko etxera joan dira. Amona hil egin da, eta etxea hustu behar dute. Nellyk 8 urte ditu, eta etxea eta bere inguruak deskubritzeko jakin-min handia. Bere amak kontatu dizkion txikitako abenturen lekuak bisitatu nahi ditu; basoan eraiki zuen etxetxoa esaterako. Bertan ezagutuko du Marion. Marionek ere 8 urte ditu eta Nellyren antz izugarria du.

Celine Sciammaren azken filma da Petite maman. Fantasia puntu bat duen istorio honek haur baten begiradan kokatzen gaitu; bere amarekin duen harremana ulertu nahi duen haur batenean, maite dituenen galera kudeatzen ikasten duen bitartean. Eta Sciammak primeran jakin du begirada hori erretratatzen: era goxo baina irmoan, handikeriarik gabe, esan behar ez direnak esan gabe. Eta hori guztia itzela den lehen eszenatik erakusten digu zinegile frantsesak: Nelly amona bati gurutzegrama bat egiten laguntzen ari zaio, eta azken hitza esan ondoren agur esaten dio. Pasillora irten eta ondorengo gelara laguntzen dugu haurra; barrura sartu eta bertan dagoen amonari ere agur esaten dio. Hurrengo gelara sartzean emakume gazte batekin aurkitzen da, gauzak jasotzen dabilena; Nellyren ama. Nellyk egurrezko bastoi bat hartu eta etxera eraman dezakeen galdetzen dio amari. Sinplea da, baina hunkigarria. Ez dago kamera mugimendu ikusgarririk, soinu banda dramatikorik, diskurtso goibelik. Eta hori guztia galtzean hartzen du indarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.