KRITIKA. Musika

Badena eder

2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun

Granada Hiriko Orkestra

Zuzendaria: Carlos Mena. Sopranoa: Jone Martinez. Egitaraua: J. C. ArriagarenSinfonia ren eta Herminie kantata.Lekua: Euskalduna Jauregiko 0B aretoa, Bilbo. Eguna: Martxoak 8.

Jakina da Juan Crisostomo Arriaga konpositore bilbotarraren jeinua bere heriotza bezain goiztiarra izan zela. Aurtengo Musika-Musica jaialdiak bezala, 15 urterekin berak ere Paris izan zuen jomuga, eta bertako kontserbatorioan eskolak hartzera abiatu zen. Frantziako hiriburuan eman zituen bost urte eskasetan konposatutako obretan klasizismoa eta berebiziko estilo pertsonala uztartu zituen.

1824. urte inguruan idatzi zuen Arriagak bere sinfonia bakarra, Sinfonía a gran orquesta izenaz ere ezaguna dena. Soken gehiegizko presentziaz ekin zion Granada Hiriko Orkestrak lehen mugimenduari, Carlos Menaren batuta tematiaren gainetik klarinetearen funtsezko parte hartzeak ia estaliz. Andante osoan zehar, aldiz, haizeen kolore ederrak nagusitu ziren, Allegro-Minueto-an flauta eta oboearen elkarrizketa goxotasunez bilduz. Bizitasuna gailenduz, azken mugimenduak eskatzen duen con motto aldika gehiegizko imintzioz jantzi zen. Programan anonimoa zen kontzertinoak lan bikaina egin zuen obra guztian zehar orkestra gidatzen.

Herminie kantatak osatu zuen programa, 1825ean sopranoarentzat eta orkestrarentzat idatziak. J. A. Vinatyren hitzek Torquato Tassoren Gerusalem liberata olerkiaren hemeretzigarren kantua dute oinarritzat, eta Lehen Gurutzaden ostean bere maitale Tancredoren bila doan Herminie dute protagonista. Jone Martinez soprano bizkaitarrak garbitasun osoz ebatzi zuen papera. Erregistro guztian duen lerro fina galdu gabe, zama liriko eta dramatikoz betetako uneak ere oparitu zizkigun, hala nola Il n'est plus... Dieux cruels! zatian; testuaren ezinegonean orkestra lagun samurra bihurtu zen.

Herminie kantata konposatu eta urtebetera hil zen Arriaga,20 urte bete gabe zituela, ziurrenik tuberkulosiak jota. Montmartreko hobi komun batean hilobiratu zuten, eta bere musika ia mende erdiz egon zen isilpean. Izan zitekeenaren pena ezingo da inoiz gainditu, baina, zorionez, baditugu inguruan baden hori gustu eta sen onez eskaini dezaketen musikari finak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.