KRITIKA. Dantza

Lokarri askeak

Mathieu Vivierren koreografia du ikuskizunak. BERRIA.
Agus Perez.
2016ko irailaren 21a
00:00
Entzun

'Negua'

Koreografia: Mathieu Vivier. Musika konposizioa: Paxkal Irigoien, Xabi Etxeberri. Musika zuzenean: Alos Quartet. Hitzak: Odei Barroso, Maddi Sarasua. Jantziak: Francisco Dussourd. Lekua: Angeluko Quintaou antzokia. Eguna: Irailak 17.

Solemnitate handiz, isil-isilik eta erabateko iluntasunean sartu dira dantzariak aretora, eskuetan lastargi bana piztuta zeramatela. Batzuk besaulkien alboetako mailetatik etorri dira eta beste batzuk agertokiko bazterretatik, eta sua izan da hasiera ilun horretako argiztapen bakarra. Lastargi guztiak erdian uztearekin bat hasi da zeremonia: dantzariek borobil bat osatu eta a capella hasi dira abesten euskal kutsuko melodia bat, honako hitz hauekin: «Bizitza laburren / negu honetan / lokarri askeak / ditugu oinetan.»

Inpaktu handiko hasiera horrek zuzenean eraman gaitu euskaldunok subkontziente kolektiboan daukagun Santimamiñe edota Sarako kobetako denboretaraino, eta dantzarien janzkera kaletar gazteak beste ezerk baino hobeto sinbolizatu du orainaren eta milaka urte lehenagokoaren arteko lotura suntsiezina.

Suaren inguruko dantzariek aurresku kolektibo moduko bati ekin diote, erritmoa oinekin eta aginte-ahots laburrekin markatuz, eta atzean zegoen Alos Quarteten musika apurka-apurka sartu da beren erritmoan. Izan ere, lan honetako ezaugarririk behinena da osagai guztien arteko elkarketa esanguratsua, dantzarien freskotasun eta kemenarekin batera, baina beldurrik gabe esan dezakegu emanaldiaren gidaria musika izan dela, gaurkotasuna eman baitie historiaurreko mito eta sinboloei. Bestetik, aipatzekoa da sorkuntza honetan euskal dantza tradizionaletatik hartutako urratsak era garaikidean eman direla eta esangura handia hartu duela sua, elurra eta odola bezalako elementu sinbolikoen presentziak.

Duela urtebete baino gehiago ikusi genuen lehenengoz lan berritzaile hau Luhusoko Harri Xuri aretoan, eta orain bezala, hiru piezak osatu zuten egitaraua. Ellande Etxeberriren Zaharrak berri eta Jon Maiaren Abbadie izan ziren beste biak, eta Negua azken lekuan etorri zen. Ene uste apalean, hobea zen ordena hura, dantza tradizional txukunetik garaikidera igarotzen baitzen egitaraua, baina nik, Negua-k ekarritako berrikuntza eta sormenaren alde jotzen dut, bai orduan bai orain, koreografo berri honek bere hurrengo lanetan araztasunaren bidean sakonduko duelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.