Valentzia 1-1 Osasuna

Osasunak nahikoa ez den puntu bat lortu du Valentzian

Nafarrek aurrea hartu dute atsedenaren aurretik, baina, berriz ere, ez dira gai izan sariari eusteko. Hamahiru lehia daramatzate irabazi gabe

enaut agirrebengoa
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Valentzia. Domenech; Correia, Diakhaby, Paulista, Gaya; Racic (Musah, 58. min.), Soler, Wass, Txerixev (Guedes, 67. min.); Kang In (Gameiro, 58. min.) eta Maxi Gomez.
Osasuna. Herrera; Vidal, Roncaglia, Unai, Juan Cruz; Torro, Moncayola (Oier, 86. min), Javi Martinez (Barja, 74. min.), Torres (Iñigo Perez, 74. min.), Ruben Garcia (Manu, 74. min.); eta Calleri.
Golak. 0-1. Callerik (42. min.); 1-1. Unai Garciak, bere atean (69. min.).
Epailea. Hernandez Hernandez. Txartel horiak Valentziako Wassi eta Osasunako Vidali, Cruzi eta Manu Sanchezi.

Iritsi da Osasuna lanen erdietara, eta hamasei puntu baino ez dauzka zakuan. Kontuak itxuratzeko aukera zuen atzo, Valentziaren zelaian, baina garaipenak ihes egin zion berriz ere. Lehen Mailan inoiz izan duen bigarren idorterik latzena da, hamahiru jardunaldi baitaramatza jada irabazi ezinda. Sari preziatua gertu izaten ari den arren, puntuak tantaka baino ez da lortzen ari. Halaxe gertatu zitzaion atzo: markagailuan aurretik jarri zen lehen zatiaren amaieran, baina ez zen kapaza izan aldeko emaitzari eusteko.

Jagoba Arrasatek aukera eman zien Kopan distira egin zuten Torrori eta Javi Martinezi. Atzean, berriz, Unai eta Roncaglia ipini zituen Aridane eta David Garciaren ordezko gisa. Taldeak Granadan baino itxura hobea eman zuen, eta parez pare lehiatu zen Valentziarekin. Igartzen zitzaion antsietatea, baloia zuenean batez ere, baina oso gutxitan egon zen aurkariaren mende. Kontraerasoak baliatu zituen min egiteko, eta horietako batean, 0-1ekoa sartu zuen Callerik. Azkar ateratako falta batean egon zen jatorria, eta argentinarrak bolea gogor batekin bukatu zuen jokaldia, Vidalek atera jaurti ondoren.

Gol psikologikoa izan zitekeen, ate joka baitzen atsedena. Aldageletatik bueltan, zelaian ondo kokatuta jarraitu zuten nafarrek. Alabaina, Javi Graciak asmatu egin zuen aldaketekin, eta Osasunak pauso bat egin behar izan zuen atzera. Maxik bidali zuen lehen abisua, zartako gurutzatu batekin, eta 69. minutuan Unaik bere atean sartu zuen Musahen erdiraketa. Golak hauspotu egin zituen etxekoak, eta txikitu gorritxoak. Neurketako unerik zailenak bizi izan zituzten orduan, baina eutsi zuten nola edo hala. Eta bukaeran, neurketa irabazteko aukera onak izan zituzten Callerik, Manuk eta Barjak. Ordea, zorteak bizkarra eman zion berriro Osasunari, eta berdinketarekin konformatu behar izan zuen azkenean. Ondo lehiatzeko gai da, baina korapiloa handitzen ari zaio partidatik partidara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.