HILBERRIA. Jose Manuel Maza

Katalunia jopuntuan izan duen fiskala

MARISCAL / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Iberoamerikako Ministerio Publikoen Asanblean parte hartzen ari zen Jose Manuel Maza Espainiako fiskal nagusia zena, atzo Buenos Airesen, ondoezik sentitu zenean. Eraman zuten ospitale batera eta han hil zen, infekzio baten ondorioz. 66 urte zituen. Iazko azaroan hartu zuen kargua, eta azken hilabeteotan gogor egin zuen Kataluniako prozesu subiranista gauzatu dutenen kontra.

Kontserbadorea zen Maza, eta, hala, epaile eta magistratu kontserbadoreak bildu zituen Batasun Judizial Independentea elkarteko bozeramailea izan zen 1990eko hamarkadan. Joan den urtean, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak fiskal nagusi izendatu zuenean —2002tik ordura arte Auzitegi Goreneko bigarren salan jardun zuen—, iturri judizialek nabarmendu zuten «aukerarik erosoena» egin zuela Madrilek. Izan ere, ezagutzen zutenen arabera, Rafael Catala Justizia ministroa oso gertukoa zuen. Hala, azken urtean eskutik joan dira gobernuaren nahiak eta fiskaltzaren erabakiak.

Maza izan zen matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra leporatuz Kataluniako Gobernuko eta parlamentuko mahaiko kideen kontra kereila jarri zuena. Gorenak bi kausak bere gain hartzeko asmoa agertu du azken astean —Gorenak darama mahaikoen kontrakoa eta Auzitegi Nazionalak kontseilarien eta presidentearen kontrakoa—, baina Maza, kontrara, biak Auzitegi Nazionalean bateratzearen alde mintzatu zen.

Joan den martxoan hitzaldia eman zuen Iruñean, eta adierazi hari ez zegokiola espetxe politika aldatzea. «Soilik legearen inperioarekin konpondu dugu ETAren arazoa», esan zuen orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.