Eskozia. I-18: Independentziari buruzko erreferenduma

Noiz sinatuko zain

Espainiako Gobernuak Kataluniako galdeketaren aurkako makineria martxan jartzeko, Masek kontsultaren dekretua sinatu behar du
Artur Mas aurtengo Diada eguneko prentsaurrekoan.
Artur Mas aurtengo Diada eguneko prentsaurrekoan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE

Adrian Garcia -

2014ko irailak 21
Artur Mas Kataluniako presidenteak kontsultaren dekretua noiz sinatuko zain dago Espainiako Gobernua. Legea Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera martxan jarriko baitu Madrilek azaroaren 9an egitekoak diren herri galdeketa debekatzeko lege makineria. Gobernuak dena prest du asteburuan bertan Masek legea argitaratzen badu Aldizkari Ofizialaren ezohiko argitalpen batean. Hori gertatuz gero, ministro kontseilura deituko luke Mariano Rajoy Espainiako presidenteak, Auzitegi Konstituzionalean helegitea lehenbailehen jartzeko.

Baina Masek denborarekin jokatzeko aukera du. Joana Ortega Generalitateko presidenteordeak herenegun parlamentuak kontsulten legea onartu zuenean esan zuen «hurrengo orduetan edo egunetan» sinatuko zuela Masek dekretua. Nahiz eta parlamentuak legea onartu, argitaratzen den arte ez da indarrean sartzen, eta, beraz, auzitegiek ezin dute jardun. Masek hurrengo asterako uzten badu argitalpena, Rajoy presidentea Txinara egitekoa den bidaia ofizialean bete-betean harrapatuko du.

Edonola ere, Masek kontsulta legearen argitalpena atzeratu eta Madrilen planak aldrebestu arren, behin erabakitzeko eskubidearen urkako neurriak abiatzean emaitza ez da aldatuko: Auzitegi Konstituzionalak helegitea onartuko du, eta, ondorioz, kontsulta legea baliogabetuko du, erreferendumaren deialdia legez kanpo utziz.

Auzitegien erantzunaren esperoan, kontsultaren aldeko alderdien artean desadostasuna da nagusi debekuari nola aurre egitearen inguruan. ERCko idazkari nagusi Marta Rovirak esan du ez dutela desobedientzia zibilaren alde egingo. «Ezin esan dezakegu desobedientzia zibila egingo dugula, hitz horiek hainbat lagunengan eragina izan baitezakete».

Roviraren hitzak harrabots handia sortu dute sare sozialetan, eta adierazpenok argitu egin behar izan ditu. «Beharrezkoa denean desobedituko dugu. Azaroaren 9an demokratikoki bozkatuko dugu. Gertatzen dena gertatzen dela», adierazi du Twitter bidez.

CDCko Merce Conesak, ordea, baztertu egin du desobedientziaren hautua, nazioarteari begira islatuko den irudia «kaltegarria» izan daitekeelakoan. Kontrara, CUPentzat «bide bakarra» da Espainiako auzitegien aginduei muzin egitea. Parlamentuan desobedientzia zibilaren alde bozkatu zuten bakarrak izan ziren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna