Ibilbide orekatua eta berritzailea izango du Vueltak

Abuztuaren 14tik irailaren 5era bitarte jokatuko da aurten Espainiako proba. Ez da igaroko Euskal Herritik. Erlojupeko luzea du amaieran

Roglic, iazko Vueltako irabazlea, eta Carapaz, etapa batean. KIKO HUESCA / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Burgosko (Espainia) eta Santiago de Compostelako (Galizia) katedralak lotuko ditu aurtengo Vueltak, orotara 3.336 kilometro izango dituen ibilbide batekin. Monumentuak berritu egin behar dira denboran iraun ahal izan dezaten, eta filosofia horri jarraituz atondu dute Espainiako lasterketaren bide orria. Izan ere, 11 bukaera berri egongo dira, esprinterrek ohi baino aukera gehiago izango dituzte, eta ziklistak ia ez dira horma tenteetan gora bihurritu beharko. Berritasun nagusia, dena den, azken egunean egongo da: 33,7 kilometroko erlojupeko luze batekin bukatuko da lasterketa. 2021a Done Jakueren urtea da, eta, horregatik, Santiago de Compostelan egongo da azken helmuga, eta ez Madrilen, 2014az geroztik izan den bezala.

Ondo bidean, abuztuaren 14an hasiko da Vuelta, Burgosen. Bertako katedralak 800. urteurrena du aurten, eta han izango du irteera eta helmuga hasierako erlojupekoak. Zortzi kilometroko saio laburra izango da, eta zangoak berotzen hasteko balioko die txirrindulariei. Hortik aurrera, ibilbide malkartsua topatuko dute: guztira, mendiko zazpi etapa jokatuko dira, eta beste lauk ibilbide hautsia izango dute. Edozein moduz, azkarrenek ere izango dute distira egiteko tartea, profil etzaneko sei etapa jokatuko baitira —iaz halako pare bat besterik ez zen egon—. Bestalde, 200 kilometroko etapa bat baino ez da izango, eta bakar bat ere ez da igaroko Euskal Herritik. Iaz Irunen (Gipuzkoa) hasi zen lasterketa, eta, guztira, hiru etapa jokatu ziren osorik euskal errepideetan; aurten ez da sartu-irtenik ere izango.

Galbahe estua Asturiasen

Oilarrek hirugarren etapan izango dute lehen buruz burukoa, lehen mailako Picon Blancon gora. Zazpigarren etapak ere zailtasun horretako bukaera izango du, Alacanteko Balkoian. Bederatzigarren etapan, berriz, maila bereziko Velefiquen egongo da helmuga. Atseden hartuko dute gero ziklistek, eta hamalaugarren etapan izango dute hurrengo azterketa serioa, lehen mailako Villuercasen.

Azken astean, berriz, erabakigarriak izango dira Asturiasko bukaera gogorrak: 17. etapak Covadongako aintziretan izango du helmuga, eta 18.ak sekula igo ez den Gamoniteirun. 15 kilometro eta ia %10eko batez besteko pendizeko mendate beldurgarria da. 20. etapa egokia da segadetarako, eta hautagaiek erlojuaren kontra esan beharko dute azken hitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.