KRITIKA. Antzerkia

Azken aldia, oharkabean

Agus Perez -

2018ko otsailak 28

'Heriotza bikoitza'

Konpainia: Ze onda. Zuzendaritza: Jon Ander Alonso. Dramaturgia: Mikel Zumeta. Eszenografia: Alvaro Ledesma. Bideo-irudiak: Zazpi t'erdi. Jantziak: Ane Urtizberea. Argiak: Arantza Flores. Soinu-eremua: Paula Olaz. Antzezleak: Miren GaztaƱaga, Eneko Sagardoi. Lekua: Donostiako Gazteszena aretoa. Eguna: Otsailak 25.

Madrilgo El canto de la cabra talde mitikoa etorri zen behin Bilbora, eta nahi izan zuten beren testu poetikoa euskaraz ere ematea. Orduan egindako itzulpenaz gauza asko gogoratzen ditut, eta bereziki pasarte haietariko batean gogoeta egiten zutela unearen garrantziaz jakitun izan gabe azken aldiz egiten ditugun gauzei buruz. Zirrara handia eragin zidan kontzeptu hark. Zeren eta, pentsatzen hasita, noiz eman diot azken aldiz musu ene maiteari? Noiz edan nuen azken ardo aipagarria? Noiz azken eguzki-sartzea kontenplatu? Eta une bakan hura azkena izan balitz? Azken finean, azkenak izan zirela jakin bezain pronto jabetuko ginateke beranduegi izango zela beste musu, ardo, ilunabar batez ganoraz gozatzeko.

Filosofiko jarri naiz, badakit. Barka nazala irakurle sufrituak. Nonbaitetik hasi behar nintzen hainbesteko inpresioa egin didan Heriotza bikoitza honetaz idazten, eta emanaldian zehar eduki dut kezka hori buruan bueltaka. Nondik helduko ote diot honi guztiari, zelan emango diot formarik eszena gainean daukagun kaos poetikoari? Anabasa ere ez da izan, horregatik erabili dut haren sinonimoa. Eta kaosa izatekotan, xede bati begira dagoen kaosa izan da. Inola ere ez kaos kaotikoa, xederik gabea, narritagarri suerta dakigukeena. Zelan ekin, bestela, heriotzaren gaiari? Hau da, guztiz ezezaguna egiten zaigunari?

Bada, lanera jarri dira Ze onda izenpean dabiltzan guztiak, eta behingoagatik aurrez aurre begiratu diote Herioari eta buruarekin zein erraiekin ekin diote gaiari. Les invasions barbares (Denys Arcand, 2003) filma ikusi nuenetik ez dut hain gogobetetze handia sumatu gai honen tratamenduaren kontura. Baina kasu honetan ez dute, film hartan bezala, bizitzaren despedida duina jorratu. Alderantziz, beldur barik sartu dira bizitzatik harago egon daitekeen eremuan eta heriotzak gure bizitzetan duen esanguran. Ez naiz ni bakarrik filosofiko jarri dena.

Argi esan dezagun: sorkuntza miresgarri honen atzean prozesu kolektibo eredugarri bat dago, eta hori emanaldiaren une bakoitzean igarri da. Jon Ander Alonso zuzendariak kontu hauen inguruko hainbat gai proposatu zizkien aktoreei, eta Zazpi t'erdiko bideo-sortzaileek heriotzaren mugan egon direnen testigantza harrigarriak bildu zituzten. Hortik abiatuta, GaztaƱaga eta Sagardoiren lagunarteko solasaldiak jaso, haiei forma eman, eta gero, soberakinak kendu, kendu, kendu, iragazi, araztu, zozokeria oro, errazkeria oro ezabatu: hobe da gutxiegi gehiegi baino. Eta inspirazio gorenari darion umore ona aldarrikatu, eta zuzenean hartutako irudiei esangura aberasgarria eman, eta dramaturgiaren muina zen kaxoi zeharrargia metafora guztien paradigma bihurtu, eta bai Eneko bai Miren beren momentu sublimeenetan ikusi, bakoitza bere euskalki naturalean dotore, elkarrekin haserre edo power-rock-a dantzatzen, larrua jotzen, heriotzaren unean arimaren eta gorputzaren arteko banaketa irudikatzen, eta hilik egon ostean bizitzara berriz etortzeko unea maisuki ematen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna