Indarkeria matxista. Sanferminetako erasoa

Albiste faltsu bat hedabideen aurka

Erasoa gertatu zen tokian ibilbide bat egitea eskaini du egunotan webgune batek. Poliziak ikerketa hasi du, delitua delakoan. Sustatzaileek aldatu egin dute webgunea: hedabideen jarduna salatu asmo zuten.
Webguneak hasierako bertsioan zuen itxura.
Webguneak hasierako bertsioan zuen itxura. BERRIA

Gari Goikoetxea -

2018ko abenduak 6
Sanferminetako erasoari buruzko epaia iristeaz bat, webgune baten berri hedatu zen atzo sarean: erasoa gertatu zen tokian eta inguruan ibilbide bat egitea eskaintzen zuen orrialde bat. Turismorako erakusgarri balitz bezala, honelako leloak zituen: «Ibili urratsez urrats sanferminetako gaurik ezagunena»; «deskubritu guztia ibilbide honetan». Areago, erasoa jolas bihurtzen duten ekintzak proposatu zituzten; esate baterako, bisita egitea erasotzaileek zituzten kamiseten gisakoak saltzen dituen denda batera, eta erasotzaileetako batek duen tatuajearen gisako kalkomania bat erostea. Iruñeko Udaltzaingoak eta Nafarroako Foruzaingoak iragarri zuten webgunea ikertzen ari zirela. Arratsaldean, erabat aldatu zuten webaren itxura: hedabide ugariren azalak jarri zituzten, kasuarekin zer egin duten salatzeko.

Webgunearen aurka irmo hitz egin zuten goizean agintariek. «Higuingarria» zela azaldu zuen Joseba Asiron alkateak, eta «gustu txarrekoa». Maria Solana gobernuko bozeramaileak erantsi zuen «erabat gaitzestekoa» zela webaren edukia. Azaldu zuen Foruzaingoa ikertzen ari zela webguneak gorroto delitua egin ote zuen, eta ixteko eskatuko zuela. Fiskalari eginbideak igortzekoak zizkioten. Areago, Nafarroako Berdintasun Institutuak salaketa iragarri zuen webgunean baimenik gabe erabili zutelako eraso sexisten aurka sortutako logotipoa.

Hedabideen azalak

Bazkalondoan, sustatzaile batek egindako adierazpenak zabaldu zituen Efe berri agentziak. Haren arabera, «lagun talde bat» ziren, «kasuarekin interesatuak», eta horregatik erabaki zuten ibilbideen proposamena egitea. Abenduaren 26rako jarria zuten lehen hitzordua, hogei lagunentzat. «Harrituta» agertu zen sortutako zurrunbiloarekin, baina agentziari adierazi zion aurrera jarraitzeko asmoa zutela. Hedabideen jardunarekin alderatu zuen beren proposamena: «Ez dugu ikusten alderik guk egin dugunaren eta hedabideek egindakoaren artean. Guk ez dugu komunikabideek esan ez duten ezer jakinaraziko».

Arratsalde erdian erabat aldatu zuten webgunearen itxura. Hainbat hedabideren azalak jarri zituzten webgunean —hain justu ere, ibilbidearen eskaintzari buruzko albisteak, eta Iruñeko erasoari buruz lehenago argitaratutako bideoei buruzkoak—, eta honako mezu hau: «Nazkagarria da El Prenda-ren tatuajea duten kalkomaniak saltzea. Klikak saltzea bezain nazkagarria. Baina hori ez da hain agerikoa». Fakenews etiketa jarri zuten alboan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna