Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Iritziak. ANALISIA

Aukera berriak

Asier Etxenike - Soziologoa

2016ko irailak 26
Abstentzioa inoizko handiena izan da. Horrek bakarrik zer pentsatua ematen du, azken urteetan, indar esanguratsua zuten eskaintza politiko zabalena egon denean. Horren banaketa eta bilakaera arretaz jarraitu beharko da, analisietan zorrotzago aritzeko.

EAJk, hauteskundeak irabazi ditu. Legebiltzarkide kopurua handitu du. Eta gainera, abstentzioa igota ere, 2012an baino boto gehiago eskuratu ditu. Zalantzarik gabe atzoko irabazlea izan da.

Horren ondotik, bigarren irabazlea EH Bildu izan delakoan nago. Batetik, beheranzko joera gelditu, eta berriro ere bigarren indarra izatea lortu duelako. Hauteskunde mota ezberdina izanik ere, ekaineko bozen %50 gehiago eskuratu du. Gainera, herrialdeak banaka hartuta ere bigarren lekua lortu du, EAJren atzetik beti. Gipuzkoaz gain, bai Araban eta bai Bizkaian bigarren indarra izatea lortu du berriro ere. Beraz, beheranzko joera apurtzeaz gain, Eusko Legebiltzarrean oposizioko lehen indarra izaten jarraituko du, posizio hori, zenbakiei eutsita behintzat, inork zalantzan jarri gabe. Hala ere, bere botoa sapaira bueltatzeko eta are gehiago, EAJri aurre hartzeko, lanak ditu aurretik.

Podemos indarrez sartzen da; ezer ez zeukan lehen, eta 11 ditu orain. Kontrakoa iradoki daiteke. Izan ere, lau hilabete lehenago lehen indarra izan zen. Orduan lortutako botoen erdiak baino nahiko gehiago galdu ditu orain, eta inkestek emaitza hobeak ematen zizkioten. Horrek guztiak, Podemosen «efektua» bertan behera gelditu delako sentsazioa zabal dezake. Pasatzear den moda bat. Baina, hortik urrun, 2015eko Batzar Nagusietarako hauteskundeetan Podemos bakarrik aurkeztu zeneko ia kopuru bera eskuratu du orain. Orduan Podemosek eta Irabazik, bakoitzak bere aldetik, eskuratutako botoak 22.000 gehiago izan ziren. Baina, 150.000 botoko kopurua, orain ere lortu duenez gero, horiek besterik gabe desagertuko direla pentsatzen duenak oker dago. Oraindik ere inkognita bat izango dira, gora edo behera, zein izango den haien bilakaera ez bait dago batere argi. Baina zalantzarik ez, datozen urteetan, hiru herrialde hauetan zer esan handia izango dute (are gehiago Nafarroako errealitatea analisian kontuan hartzen badugu).

PSEk eta PPk orain bi legegintzaldi, ilegalizazioa dela tarteko, Eusko Jaurlaritza eskuratu zuten. Biek daramate beheranzko joera aspalditik, Hauteskunde Orokorrek joera hori zertxobait frenatzea lortu bazuten ere. Orain, gezurra dirudi PSEk 2008an Hauteskunde Orokorrak 430.000 botoekin irabazi izana. Edo PPk, 2001eko Eusko Jaurlaritzarako 326.000 boto eskuratzea. Atzokoan, PSEk inoizko bere boto kopuru txikiena lortu zuen (126.000) eta PPk bere emaitza txarrena errepikatu (2015eko Batzar Nagusietakoa, 101.000).

Azken horiei, UPD eta Ciudadanosen «lorpenak» kontuan hartzen baditugu, Euskal Herriko zati honetan haien diskurtsoen edukiak zaharkituta edo lekuz kanpo daudela argi dago. Izan euskararen inguruan bota dituztenak, izan erabakitzeko eskubidearen ingurukoak edo beste hainbat... Horrek bakarrik, aukera berriak eskaini beharko lituzke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna