Jon Lopategi hil da. IRITZIA

Eskerrik asko, Jon!

Jon Lopategi, bertsolari gaztez inguraturik.
Jon Lopategi, bertsolari gaztez inguraturik. BERRIA

Iratxe Ibarra - Bertsolaria

2019ko otsailak 9
Apirilean geneukan hitzordua, Jon. Eta, orain arte ez bezala, oraingoan ez zara helduko zure ikasleekin bazkaritxoa partekatzera. Noiz kantatuko ditugu berriro Lekeitioko kalian, Ai, hori begi ederra, Matxalen Busturiko eta enparauak?

Orain arte ez baituzu hitzorduetara inoiz huts egin. Oroitzen dut zelan etortzen zinen gure ikastetxera, euri zein eguzki, herriko zelaia erdi-erditik gurutzatuaz. Gu han egoten ginen zain, 12 urteko umemokoak, bat-bateko gure lehen bertsoak sortu nahian. Eta, kantuan genbiltzala, batzuetan begiak itxita ikusten zintugun; baina bertsoa amaitu, eta «ederto» bat ateratzen zen zure ahotik. Ez, ez zeunden lotan.

Bizkaian transmisioan hutsune handi samarra zegoen, eta zuri egokitu zitzaizun bertsolari gazteak plazarako prest jartzea. Lana baino gehiago beharra zen; eta, orain, distantziatik ikusita, misioa zela esatera ausartuko nintzateke. Baina, egin, egin zenuen. Egiteko sasoia baitzen ordukoa, ez protokoloetan eta paper artean galtzekoa. Egunen batean ikastetxeren batera abisatu barik joan izan ginen, eta zu barrura sartu, irakasleren batekin egon, eta aurrera, kantura.

Egun hain modan dauden eskoletara bisitak eta udalekuak guk zurekin ezagutu genituen. Beste formatu batean, jakina. Furgoneta zahar batean ibiltzen ginen umeok, 12-13 urterekin, eskolaz eskola kantuan, ez segurtasun uhalik ez ezer ez zeukan furgoneta hartan.

Eta, zelan ez, Kanpantxukadak. Han elkartzen ginen Bizkaiko ikasle guztiak. Hara joateko ikasi nuen nik musean. Bai, idatzi bako araua zen: Kanpantxura joateko derrigor jakin behar zen musean, han denok parte hartzen baikenuen mus txapelketan. Gu euskal dantzetan trebatzeko saiakerak ere egin zenituen, Jon, baina horretan denok ez hain abilak izan!

Ez baitzen bertsoa bakarrik han lantzen genuena. Folio zuriak hartu eta euskal kantu zaharrak diktatzen zenizkigun, eta hasieran paperetik eta gero buruz kantatzen genituen.

Eta Abarketero-ko bazkariak? Ikastetxetik lehenago irten, eta eguaztenero hantxe bazkaltzen genuen kantura joan aurretik. Bai, astero-astero bi eskola ordu galtzen nituen nik, adibidez. Irakasleei esan eta aurrera! Ez baimen berezirik ez gurasoen idatzirik ez ezer. Baina nago eskolan ikasiko nuena baino gehiago ikasi nuela Abarketero-ko otorduetan…

Gerora, zure habiatik irten eta Bilbon ikasten nengoela, eskolarteko txapelketan eta BBK sariketan zurekin batera epaile egotea egokitu zitzaidan. A zelako barreak zure komentarioekin! Akorduan daukat behin nire ikasle bat Pello Joxepe doinuan hasi zela kantuan, eta lehen bi puntuak errepikatu egin zituela. Sufritzen nengoen mahaian, eta zuk, aldamenetik, irribarre maltzur horrekin: «Trankil, ondo dabil, originala be holantxe da» .

Zortedun izan naizela aitortu behar dut. Izan daitezkeen irakaslerik onenak izan ditut bertsotan hasi nintzenetik. Eta horien artetik zeu izan zara oinarria eman zidana. Ikasleak mimatzen, garrantzitsu sentiarazten eta lagun giro aparta sortzen jakin izan zenuen. Eta, horrez gain, etorkizuneko bertsolariak, gai-jartzaileak eta bertsozaleak sortzeko bidea jarri zenuen.

Esker ona baino ez daukat zuretzat, Jon. Behinola kantatu zenuen legez, zure traje onenarekin jantzi gaituzu. Egon seguru!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna