Sanrokeak Laudion

Festak, zubi batez lotuak

Suziria jaurtita hasiko dira Laudioko jaiak, gaur. Festak «herritik eta herriarentzat» egin dituzte eragileek, egitarau zabala eta askotarikoa osatuz

Jendetza bilduko da udaletxe aurrean, suziriaren eztanda entzun eta jaiei hasiera emateko. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
2017ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Laudio (Araba) prest dago sanrokeekin hasteko. Bai behintzat jaien lehengo ekinaldiari aurre egiteko. Ohi den bezala, bitan banatuta egongo dira festak. Lehenengo partea gaur hasi eta igandera bitartean izango da. Gero, asteartera arte deskantsua izango dute indarberritzeko, eta, ondoren, asteazkenetik iganderainoko festa etengabea.

Gaur hasiko dira herriko jaiak, 12:00etan, udaletxetik botako duten txupinazoarekin. Suziria jaurtitzeko, Santi Ussia aukeratu dute, urte askoan jaiak antolatzen egin duen lanarengatik.

Ez da izango, ordea, jaiei lotutako lehen ekitaldia. Izan ere, atzo, Aiaraldea hedabideko ordezkari batek pregoia irakurri zuen, eskualdean euskara bultzatzeko hedabide erreferente izateagatik.

Gaurko suziriaren ondoren, Aldai plazan dauden txosnak irekiko dituzte. Gaur hasi eta datozen egunetarako egitarau askotarikoa prestatu du Laudioko Txosna Batzordeak, edonor festa giroan murgiltzeko modukoa. Azken urteetako ildoan jarraitzen dutela nabarmendu du Aritz Lili batzordeko kideak: «Egunez, familia giroaren aldeko apustua egin zen. Horregatik saiatzen gara txertatzen adin eta gustu guztietarako ekintzak». Horren harira, egunero familiagunea egongo da, haurrentzako puzgarri eta jolastokia. Bertso saioak eta Irrien Lagunen ikuskizuna ere azpimarratu ditu, «familia girokoak» baitira.

Gauean, berriz, «gazteengana zuzentzen» direla aitortu du Lilik; hori dela eta, musika doinuek alaituko dute plaza iluntzetan. Horren adibide dira Radio Revolucion, Eskean Kristo, Joseba Irazoki eta Huntza. Ez da soilik hori izango txosnetako kultur eskaintza: bihar, etzi, eta hilaren 23 eta 24an, afari musikatuak izango dira, eta arratsalde batzuetarako antzerki emanaldiak antolatu dituzte.

Jaien antolaketari helduz, txosna batzordeko kideak nabarmendu du «udalarekin eta herriko beste eragileekin urtean zehar elkarlan ona» dutela. Are gehiago, jaietan parte hartzen duten «eragileen ekitaldiak ez gainjartzea» ere kontuan hartzen dute, publiko bera duten jardueren artean bata ala bestea aukeratu behar ez izateko. Elkarlan hori nabarmendu du Amets Meaza Laudioko kultura zinegotziak ere: «Antolakuntza aldetik izugarrizko inplikazioa egon da, bai eragileen aldetik, baita norbanakoen aldetik ere». Jaietarako lantaldea eragileetako ordezkariek osatzen dute, eta «urtean zehar oso maiz» elkartzen dira.

Jai giroan gertatzen diren eraso sexisten inguruko erantzunbateratua eta protokolo falta txosnen «puntu ahulena» dela aitortu du Lilik. Txosnetatik at, baina, erasoei autodefentsa bidez erantzuteko brigada moreak antolatu ditu Laudioko feminista taldeak.

Udalak ere badu eraso matxistak eragozteko ardura, urte osoko protokoloaz gain jaietarako jarraibide bereziak baititu.Eraso sexistarik bada zein pauso eman, nora deitu eta abar jakinarazten duen «kit berezia» atera duela ere adierazi du Meazak. Gainera,udalak indarkeria matxistaren aurka egin berri duen bideoa ere aipatu du. Zenbait herritarrekin batera, eraso matxistak salatzeko eta eragozteko deia egin du.

Finean, betiko datak errespetatuko dira jaietan: gaur, bihar eta etzi ospatuko da lehen zatia, eta hilaren azken igandearen aurretiko bost egunetan bigarrena. Aurten, hori erabakitzeko herri galdeketa egin dute, herriak datak aukeratzeko asmoarekin. Jaiak abuztuaren 15ean abiatu eta zazpi-hamar egun irauteko aukerak lortu zuen boto gehien, baina ez zen lortu lotesle izateko gutxieneko parte hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.