KRITIKA. Antzerkia

Herioa, desioa, edertasuna

Hainbat hizkuntzatan mintzatu dira antzezlanean. NEED COMPANY.
Agus Perez.
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun

'Isabella's Room'

Konpainia: Need Company. Egilea eta zuzendaria: Jan Lauwers. The Liar's testua: Anneke Bonnema. Musika: Hans Petter Dahl, Maarten Seghers. Jantziak: Lemm&Barkey. Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: Azaroak 13.

Gasteizko Antzerki Jaialdiaren bertute nagusietariko bat da atzerriko konpainia handien lanak Euskal Herrira ekartzea, jatorrizko bertsioan eta testu itzuliak proiektatuta (gaztelaniaz bakarrik, hala ere). Kasu honetan Ganteko (Flandria/Belgika) Need Company ikusteko aukera paregabea izan dugu, eta zeharo bete dira haren antzezlan mitiko bat ikusteko aurreikuspenak.

Need Company 1986an sortu zuten Grace Ellen Barkey eta Jan Lawersek, eta hasiera haietatik ibili dira performancearen eremuetatik hurbil, testuak, dantza, antzezpena eta partaideen benetakotasun eszenikoa bikain uztartuta. Isabella's Room honetan (Isabellaren gela) are gehiago txirikordatu dira esandako arloak, protagonistaren gelan ikusi ditugun objektu antropologiko eta arkeologiko ugariak benetakoak izan direlako, eta —fikziozko Isabellak bezala— benetan heredatu zituelako Lawersek haren aita bildumagilearengandik. Antza denez, Lawers ohituta zegoen txikitatik gurasoen etxean sarkofago eta maskara beldurgarriz inguratuta bizitzen, eta aita hil zitzaionetik nahiko obsesibo bihurtu zaio kontua. Hala ere, bizitzari egindako kantu bezala aurkeztu dizkigu gogoeta horiek, konpainiako kideen gaitasun itzeletan bermatuta eta Isabellaren pertsonaia —Lawersen aitaren transposizioa— Viviane De Muynck aktore erraldoiaren esku utzita.

De Muynck bera agertu da hasiera batean, konpainiako beste kideak —bederatzi guztira— banan-banan aurkeztuz eta haietariko bakoitzaren betebeharra zehaztuz, musikariak izan dantzariak izan zein itzulpen proiektatuen arduraduna izan. Haiek guztiak zeuden taula gainean, bakoitza bere postuan, eta —konpainiaren filosofiari fidel izanik— oso rol partekatuak jokatu dituzte, pertsonaia bakoitzaren betekizuna bizpahiru lagunen artean eraikiz eta den-denek zeregin eszeniko bat baino gehiago hartuta, testua esaten, musika zuzenean editatzen edo abesten, goi mailako dantza garaikidea egiten, edota instrumenturen bat —biolina, gitarra elektrikoak, teklatua...— jotzen.

Betiere Need Companyren estiloaren bidetik, hainbat hizkuntzatan mintzatu dira partaideakingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz kasu honetan—, konpainiako kideek hamaika herritako jatorria dutelako. Era berean, pertsonaien antzezpen jasoak eta aktoreen pertsona-jarrera naturalak jariotasun handiz konbinatu dira, eta horrek ezinbestean areagotu ditu proposamenaren balioa eta haren sakoneko mezuaren interesa. Gainera, oso aberasgarria iruditu zaigu Isabellaren bizitzaren aitzakiaz XX. mendeaz jaso dugun ikuspegia, eta aipatzeko modukoa da hildakoek eta biziek plano berean jardun dutela, desioa ri eta edertasunari hilezkortasunaren ohorea emanez eta bizitzari une oro kantu eginez, heriotza beti presente egon den arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.