Gorka Arbulu. AEKko arduraduna

«Txosnetara bazoaz, egin lasai euskaraz»

AEK-k irabazi du Gasteizko Jaietako Txosnisaria. Arbuluk azaldu du jaietako euskararen «arnasgunea» dela txosnagunea. Aurten, AEK-k ez du txosnarik jarriko, baina ez dute asmorik txosnak betiko uzteko.

Gasteiz
2017ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
AEK-k hogeita zazpi urtean izan du txosna Gasteizko Jaietan. Gorka Arbulu (Gasteiz, 1968) AEK-ko arduraduna da, eta txosna batzordean aritu da hamazazpi urtean. Duela hogeita hamahiru urte hasi zen euskararen alde lanean.

Nola hartu duzue Txosnisaria?

Oso harro gaude. Egia esan, ez genuen espero justu txosnak utzi ditugun urtean jasotzea Txosnisaria. Sekulako pena eman digu, baina, auzoetako jaiak lehenetsi ditugu. Jakin, ez dugula asmorik txosnak betiko uzteko.

Txosna Batzordearen arabera, txosnetako giroa euskalduntzen egin duzuen lanagatik jaso duzue saria. Ados zaudete horrekin?

Bai, hori eta gauza gehiago. Esaterako, garai zailak izan direnean ere, AEK-k babesa eman dio Txosna Batzordeari. Erakunde batzuek legez kanpo utzi dituztenean, adibidez.

Txosnetako giroa euskalduntze ko, oraindik badago zer egin?

Oso konplikatua da eragitea jendearen ohituretan. Hori bermatzeko, urte osoko dinamikak behar dira. Gazte kuadrillek, agian, barrara biltzean, euskaraz eskatuko dute. Baina, gero, konplikatua da euren artean euskaraz jarraituko duten bermea izatea. Hori da gizarte osoak hausnartu beharreko kontu bat.

Zein eboluzio ikusi duzue euskararen erabileran?

Orain dela berrogei urte inguru, euskaraz eskatzen zuten barran, jakin ez arren. Ahalegin berezi bat egiten zuten. Gaur egun, euskara ez da horrenbeste modu sinbolikoan erabiltzen. Orain, gehiago dago modu natural batean euskaraz hitz egiten duen jendea. Hor ari gara oreka bilatzen.

Txosnaguneari nola deituko genioke, euskarak duen erabilerari dagokionez?

Planteamenduz, euskararen arnasgunea da. Hau da, batzordeak euskaraz funtzionatzen du, txosnetan barran dagoen jendea euskalduna da... Orduan, txosnetan euskaraz egin ahal izatea bermatuta dago. Euskaraz egiteko pausoa eman behar dutenak txosnetara biltzen direnak dira.

Badago euskara erabiltzen den beste gunerik Gasteizko jaietan?

Bai, Aihotz Plaza. Hantxe dago Geu Elkartearen txosna. Eguerdiro, Bertsozale Elkarteak saioak izaten ditu... Bertan antolatzen diren ekimen guztiak euskaraz izaten dira. Beraz, bai, Aihotz plaza euskararen beste arnasgune bat da. Baina, Alde Zaharrean, zentroan eta Gaztetxean ere entzuten da euskara.

Zeledonen abestia euskaratu zuten; zer deritzozu?

Ondo. Oso pauso garrantzitsua izan zen. Horrelako detaileek egiten dute hizkuntzaren garapena modu natural batean. Etorkinek, kanpotik gure hirira datozenek, lehenengoz etorri eta ikusten badute plaza beteta eta jende guztia euskaraz abesten, pentsatuko dute euskara dela hemengo hizkuntza naturala. Nik uste dut mundu guztiarengana heltzen diren detaile horiek oso garrantzitsuak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.