Karbonoaren prezioaren garrantzia

2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Zenbat balio beharko luke kutsatzeak? Erakunde askoren arabera, berotze globala eteteko eta ekonomia isurketa txikiagoko teknologietara bideratzeko, isuritako karbono dioxido tonak 40 dolarretik (35 euro) 80 dolar (71 euro) arteko prezioan ibili beharko luke.

Suediak aise gainditzen du gomendio hori, 127 dolarreko (113 euro) zergarekin —hazkunde ekonomikoari eutsita—. Europan, berriz, CO2 tona bat isurtzeko eskubideak 22 euro inguru balio du, baina herrialde gero eta gehiago ari dira epe lasterrerako euren planetan 40 euroko zergen agertokiak aztertzen.

Adibidez, Alemaniak onartu berri duen ingurumen politika sortan, Angela Merkelen lehen asmoa zen CO2 tonari 11 euroko tasa ezartzea, eta 2025ean 35 eurora igoz joatea. Baina, azkenean, Bundesrateko negoziazioetatik beste prezio batzuk atera dira: 2021erako 25 euro balio izango du karbono tonak, eta 2025erako, 55 euro.

Hala ere, mundu osora begira, bide luzea gelditzen da oraindik. Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, munduan karbono isurientzako 60 eskubide eta zerga sistema daude, eta batez besteko prezioa tonako bi dolarrekoa da. Oso urrun, beraz, diru funtsak berak beroketa globala bi gradu zentigradutik behera mugatzeko beharrezkotzat jotzen duen 75 dolarreko preziotik.

Isuriei salneurria jartzea ez da erabaki erraza, zuzenean eragiten baitu argindarraren eta erregaien prezioan. Adibidez, 2030erako, 35 dolarreko prezioarekin, NDFren arabera, ikatza %100 garestiagoa litzateke, argindarra %25 garestiagoa, eta gasolina, berriz, %10 garestiagoa.

Kontu honetan, gainera, herrialde guztiak ez daude abiapuntu berean. Garapen bidean dauden herrialdeentzat, bidezkotasunari begira, beharbada CO2 tonaren prezioak txikiagoa izan beharko luke, bai haien per capita sarrerengatik, bai historikoki askoz ere emisio gutxiago egin dituztelako. NDFren arabera, herrialde horietan 2030erako CO2 tonak 35 dolar balio izango balitu eta herrialde garatuetan 70 dolar, bikoiztu egingo lirateke gaur egungo mitigazio konpromisoek jasotako helburuak.

Bada, hala ere, uste duenik karbono isuriek askoz ere garestiagoak izan behar dutela. Adibidez, William Nordhaus Ekonomiako Nobel saridunak. Klima aldaketaren ekonomista nagusiak uste du CO2 tonak 100 eta 200 euro artean balio izan beharko lukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.