Euskararen kontrako epaiez kezka azaldu dute Eusko Legebiltzarrean

Rebeka Ubera legebiltzarkideak Jaurlaritzari eskatu dio «bidelagun» izateko, euskararen estatusean «jauzi kualitatiboa» egin ahal izateko

Rebeka Ubera EH Bilduko legebilzarkidea, atzoko saioan. RAUL BOGAJO / FOKU.
Julen Aperribai.
2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Azkenaldian epaitegiek hizkuntza eskubideen kontra hartutako epaiak hizpidera ekarri zituen atzo Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Haren esanetan, horietatik ondoriozta daiteke botere judiziala epaileen bidez «hizkuntza politika berria» ezarri nahian ari dela. Oharra egin zuen: «Epaitegietatik datorkiguna etor daitekeenaren atarikoa baino ez da». Horregatik, Jaurlaritzari galdetu dio zer egiteko prest dagoen «erasoen» aurrean.

Jaurlaritzako Kultura sailburu eta bozeramaile Bingen Zupiriak bat egin zuen Uberaren kezkarekin, eta aspaldian «euskararen normalizazioari mesede egiten ez dioten mezuak, epaiak eta erabakiak» izan direla azaldu zuen. Esan zuen Jaurlaritza laguntzen ari dela hizkuntza eskubideen aurkako epaiak jaso dituzten udalei: «Haien hizkuntza planifikazioaren aurkako sententziak daudenean, ari dira egoki ikusten dituzten errekurtsoak aurkezten, eta kasuan-kasuan eskatzen diguten laguntza diskrezioz eta haien eskumenak errespetatuz ematen ari gara. Gure erantzuna izan da laguntza edo irizpidea eskatu diguten udalei laguntzea». Horrez gain, esan zuen Jaurlaritzak 86/1997 dekretua berritzeko konpromisoa hartu zuela, administrazioan euskararen erabilera arautzen duena, eta horretan ari dela, «gainerako erakundeekin elkarlanean eta erakunde bakoitzak dituen eskumenak errespetatuz».

Uberak, ordea, ohartarazi zion horrekin ez dela nahikoa, eta eskatu zion «jarrera defentsibotik proaktibora» igarotzeko. Legebiltzarkidearen arabera, «oso nabarmen geratu da euskararen estatusean jauzi kualitatiboa egiteko premia», eta horretara batzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari: «Gu prest gaude eremu politikotik euskalgintzaren eskariei erantzuteko, baina, noski, guk bakarrik ezin dugu; Jaurlaritza bidelagun izatea eta Jaurlaritzak jauzi hori ematea funtsezkoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.